Espainiako txapelketetan eskualdeko kirolariak gorengo mailan ibili dira

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 17a, 10:33

Tolosaldeko hainbat kirolari etxetik urrun ibili dira asteburu honetan. Alde batetik, Espainiako Pistako Txirrindulari Txapelketak jokatu dira Madrilen, eta bestetik, Espainiako Kopako azken mendi lasterketa proba lehiatu da Granadan.

Jon Irisarrik, Ane Iriartek, Nahia Domingezek eta Maddi Amondarainek Madrilen egin dute egonaldia. Ostiralean hasi ziren pistako txapelketak, eta hiru egunetan, guztira, bost domina eskuratu dituzte: Jon Irisarrik eta Ane Iriartek bi urrezko eta bi zilarrezko, eta Nahia Domingezek brontzezkoa, keirin proban.

Podiumeko gailurra birritan zapaldu ostean, gustura zegoen Ane Iriarte billabonatarra, eta bere ingurukoei, Abelino Perea entrenatzaileari, Gipuzkoako selekzioari eta bere gurasoei eskerrak eman nahi izan zizkien. Iriartek bi urreak puntuazioan eta taldekako abiadura proban lortu zituen, eta zilarrezko beste biak, jazarpenean eta 500 metrotan. Horrez gain, skrachean laugarren sailkatu zen.

Txapelketetara fisikoki ondo iritsi zela dio Iriartek, baina ostiralean, erdi gaixo sentitu zen. Hala eta guztiz ere, gorputzari buelta ematea lortu eta lehen domina egun horretan irabazi zuen: «Zilarra irabazi nuen ostiralean, eta urduritasunak uxatzeko eta konfiantza lortzeko balio izan zuen». Bere emaitzak ahaztu gabe, talde guztiak eta Euskadiko selekzioak egindako lana azpimarratu nahi izan zuen Iriartek: «Eiderrek eta Ziortzak izugarrizko lana egin zuten niretzat, eta oro har, Euskadiko selekzioa oso ondo ibili da, puntuazion erakustaldia eskainiz». Aipatu, junior mailako talderik onena, hain zuzen ere, Euskadikoa izan zela.

2012ko urrian hasi zen Ane Iriarteren denboraldia, eta asteburu honetan amaituko da, Bartzelonan.

Iriarte bezala, Jon Irisarri leaburuarra bi aldiz igo zen podium-aren gorenera, skrach proban eta madisonean. Zilarra abiadura probetan lortu zuen, taldekakoan eta banakakoan. «Uste baino askozaz hobeto aurkitu naiz», zioen Irisarrik, nahiz eta atseden hartzeko denborarik ez zuen izan: «Urduri ibili naiz, lo asko egin gabe, proba asko izan baitira. Denbora asko pasatu dut bizikleta gainean». Azken urrezko domina, txapelketako azken proban lortu zuen Irisarrik, eta poztasun eztanda hori izugarria izan zela zioen, ikaragarri disfrutatu baitzuen une horrekin.

Euskal selekzioak egindako lana ere azpimarratu zuen leaburuarrak, «oso ondo ibiltzeaz gain, uste baino emaitza hobeak lortu baikenituen».

Eskerrak emateko garaian, familia osoa izan zuen gogoan leaburuarrak. Horrez gain, Emaitz Izagirre entrenatzailea, Amador Granados eta Euskadiko autatzailea aipatu zituen.

Mendi lasterketa

Leire Agirrezabala ibartarrak Espainiako Kopa irabazi zuen Granadan, igandean. Bertan, kopako laugarren eta azken lasterketa jokatu zen. Korrikalariek 27,5 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta emakumeetan, Agirrezabala izan zen azkarrena. Ibartarraren atzetik, laugarren postuan, Aitziber Ibarbia zizurkildarra sailkatu zen. Granadan lortutako puntuei esker, Espainiako Kopako sailkapen nagusia Agirrezabalak eskuratu du, eta Ibarbia, hirugarren postuan gelditu da. Beteranoen artean ere bada ohorezko postua eskuratu duen eskualdekorik, hain zuzen ere, Nerea Amilibia. Zizurkildarrak bigarren postuan amaitu du Espainiako Kopa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!