Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa jokatu zen larunbatean Baigorrin. Xiberoak ez zuen parte hartu eta gainontzeko seietan onena Gipuzkoa izan zen, Lapurdiren eta Nafarroa Garaiaren aurretik. Eskualdeko herri kirolari ugarik osatu zuten Gipuzkoako aukeratuen taldea, eta lan polita egin ondoren, txapela soinean zutela itzuli ziren Behe Nafarroatik etxera.
Lokotx biltze proban, Eneko Garmendia baliarraindarra hirugarren sailkatu zen, irabazlearengandik 26 segundora, eta bigarren postutik segundo bakarrera. Lasto jasotze lehian, gipuzkoarren izenean Asteasuko Andoni Agirreurreta aritu zen. Partaide guztietan onena izan zen asteasuarra, 24 jasoaldi lortu baitzituen. Bigarren sailkatua, Lapurdi, 19rekin gelditu zen. Trontzan, eskualdeko bikotea bigarren gelditu zen, Nafarroa Garaiko bikotearen atzetik. Unai Iraola ikaztegietarrak eta Jokin Garmendia baliarraindarrak osatu zuten trontzako taldea. Aizkoran, Joseba Otaegi hirugarren postuan sailkatu zen, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondoren atzetik.
Eskualdeko azken ordezkariak, sokatiralariak izan ziren. Ibarrako taldea garaipenetik gertu ibili baldin bazen ere, hor gelditu zen, lehen postuaren ateetan. Proba horretan onenak Abadiñoko bizkaitarrak izan ziren, eta ondoren sailkatu ziren ibartarrak. Hirugarren postuan Lapurdiko Ñapurrak izan ziren.