Espainiako txapelketan, eskualdeko lau

Ataria 2013ko irailaren 13a

Espainiako Pistako Txirrindulari Txapelketa jokatuko da asteburuan Galapagar-en (Madrid, Espainia). Tolosaldeko lau txirrindulari gazte egongo dira bertan, ostiraletik igandera bitarteko probetan duten guztia ematen. Maddi Amunarriz, Nahia Domingez, Jon Irisarri eta Ane Iriarteri dominaren batekin itzultzea gustatuko litzaieke, baina ez da lan erraza izango.

Pistako txapelketa batean proba ugari izaten dira, eta txirrindulari bakoitzak batean baina gehiagotan parte hartu izan ohi du. Jon Irisarri leaburutarrak adibidez bost probatan hartuko du parte, baita Ane Irisarrik ere. Bi txirrindulari hauek badakite zer den Espainiako txapelketan dominak irabaztea, eta aurten, aurreko urteetan lortua errepikatu nahiko dute. Horrez gain, estatu osoko txirrindularien maila gertutik ikusteko aukera izango dute, eta baita lehiatzeko modu desberdinetaz ikastekoa parada ere. Urte guztian egindako lanaren emaitzak jasotzeko ordua iritsi zaie eskualdeko lau txirrindulariei.

Jon Irisarri, txirrindularia

«Gehienbat abiadurakoa eta madisona gustatzen zaizkit»

Madrilen dago Jon Irisarri (Leaburu, 1995), Espainiako Pistako Txapelketa noiz hasiko zain. Leaburuko gazteak bere hirugarren Espainiako txapelketa jokatuko du asteburu honetan, eta abiadura proban jarriak ditu esperantzak, aurreko urteetako garaipenak buruan dituela.

Zein probatan hartuko duzu parte?

Madison modalitatean, kilometro bateko distantzian, skrachean, abiadura proban eta taldekakoan.

Zein proba dira zure gustukoenak?

Gehienbat abiadurakoa eta madisona.

Madisona nolako proba da?

Bi txirrindulariren artean egiten da, elkarri eskutik helduta erreleboak emanaz. Guztira 120 itzuli izaten dira, eta 20 itzuliro puntuak banatzen dira.

Emaitzak iritsiko al dira?

Abiadura proban adibidez irabaztera aterako naiz; madisonean podiuma lortzen baldin badugu, gustura.

Entrenamenduak nola antolatu dituzu?

Aurre denboraldi guztia pistan egin dut, eta gero errepidean ibili naiz. Azken bi hilabeteetan, berriro, pistara itzuli naiz txapelketa hau prestatzen aritzeko.

Donostiako belodromoan zenbat ordu sartu dituzu azken bi hilabete hauetan?

Entrenamenduak normalean astean bitan egin ditugu, eta hiru ordu inguruko iraupenekoak izan dira.

Nola aurkitu duzu zure gorputza?

Hasieran ez nuen hain ongi ikusten, baina orain hobeto sentitzen naiz, gustura nago.

Ikasketak, entrenamenduak, ... nola moldatu zara?

Batxilerra egiten ari naiz, eta egunak ikasketen eta bizikletaren artean joan zaizkit. Ahal izan dudan guztia zaintzen saiatu naiz.

Nahikoa laguntza izaten al duzue horrelako txapelketa batetara joateko, adibidez.

Alde horretatik gustura gaude. Beste autonomia erkidego batzuetan baina laguntza gehiago ematen digu guri federazioak: bizikletak uzten dizkigute, materiala ematen digute, entrenamenduak dohainik egiten ditugu, masajista bat jartzen digute... nahikoa laguntza jasotzen dugu.

Bizikletak aipatu dituzula. Zein desberdintasun dago pistakotik errepidekora?

Pistakoek ez dute kanbiorik, ezta frenurik ere, eta pinoi bakarrekoak dira. Gurpilak, aldiz, berdinak dituzte.

Errepidean denboraldia ia amaitu da. Nolako balantzea egiten duzu?

Gustura nago, bost lasterketa irabazi baititut. Hala ere, gogorra izan da, eroriko dezente izan baititut aurten. Horietako batean lepa-uztaia hautsi nuen. Alde horretatik denboraldi iluna izan da, baina emaitzen aldetik ona.

Buruan duzun une bat?

Lepa-uztaia hautsi eta itzuli nintzenean korritu nuen lasterketa. Tafallan izan zen, eta garaipena lortu nuen. Momentu oso berezia izan zen, izugarrizko morala eman baitzidan.

Ane Iriarte, txirrindularia

«Urte guztiko lana islatuko da hitzordu honetan»

Laugarren Espainiako txapelketa du Ane Iriartek (Amasa-Villabona, 1995). Aurreko guztietan beti lortu du etxera dominarekin itzultzea, eta aurtengoan ere, antzeko helburuekin joan da Madrilera. Bidaiari herenegun ekin zion. Probak gaur hasiko direnez, tartean egun bat behintzat izan du atseden hartzeko.

Zein da zure helburua txapelketa honetan?

Lan ona egiteko helburuarekin noa. Udara guztia entrenatzen pasatu dugu, eta orain, ea emaitzak iristen diren.

Zein probatan hartuko duzu parte?

500 metrokoan, skrachean, puntuaziokoan, banakako jarraipenekoan eta taldekako abiaduran.

Horrelako txapelketa batek zein ezaugarri ditu zuretzat?

Hitzordu honetan urte guztiko lana islatzen da, eta ondorioz, ahalik eta hobekien prestatzen saiatzen zara. Aurten, Europako txapelketak izan ditugu aurretik, orain arte ez bezala. Madrilen, beste proba batean, beharrezko denborak egin behar izan genituen, Europakora joateko. Orain arte alderantziz izaten zen, Espainiako txapelketak zenituen denbora horiek lortzeko, eta lortuz gero, Europako txapelketara joaten zinen. Kontua, beharrezko gutxiengo denbora horiek lortu nituela, eta uztailean Portugalen izan nintzela Europako txapelketetan. Denboraldiko helburua hori zen, eta hori pasata, orain Espainiakoak etorri dira.

Nekatuta iritsiko zinen, beraz.

Europakoak amaitu ondoren, indar handirik gabe egongo nintzela pentsatzen nuen. Denboraldia urrian hasi nuen, eta ia urtebete pasa da. Portugaleten denboraldia bukatzen zela ere pentsatu nuen, baina psikologikoki behintzat ongi ikusi naiz, eta indartsu nagoela uste dut.

Zein da zure orain arteko palmaresa?

Lehen urtean skrachean urrea lortu nuen. Bigarrengoan, puntuazioan eta taldekako abiadura proban dominak irabazi genituen, eta iaz, taldekakoan marka jartzea lortu genuen.

Zein proba duzu gustukoen?

Jazarpen proban adibidez denbora oso onak lortu nituen Madrilen. Puntukakoa ere gustukoa dut, eta 500 metrokoan ere ongi ibiltzen naiz. Taldekako abiadurakoan, Ziortza Isasirekin gustura ibiltzen naiz, eta ea iazkoa errepikatzen dugun.

Eskualdeko txirrindulariak nola ikusten dituzu?

Lan ona egiteko aukerak dituzte. Jon azkarra da, eta horrez gain, iraupena duela erakutsi du. Borrokan ibiliko da. Maddiren lehen urtea da, eta ezustekoren bat eman lezake. Nahia ere lan ona egiteko aukeran dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!