Bedaioko jai «jendetsuekin» Artubi elkarteko kideak «oso pozik» agertu dira

Ataria 2013ko irailaren 13a

Artubi Kultur Elkarteko kideak «oso pozik» agertu dira Bedaioko Jaiek izan duten erantzunarekin. Haur, gazte nahiz heldu, jai «jendetsuak» izan direla azaldu dute Artubiko kideek, eta eskerrak eman nahi izan dizkie «laguntza ixil eta handia eman duten bedaiotarrei, eta hauen ondoan egon diren jende guztiari». Jaiak amaitu ondoren, hurrengo hitzordua irailaren 29an izango dela gogoratu dute, hain zuzen ere, egun horretan Bedaion Zaldi Raid-a egingo da, eta Artubitik azaldu dutenez, prestaketa lanak «nahiko aurreratuak» dituzte.

Iragan ostiralean hasi ziren festak Bedaion. Lehen egunean zahagi ardoak arrakasta handia izan zuela aipatu dute Artubikoek, baita beste ekitaldiek ere. Bigarren jai eguna haurren eguna izan zen. «Xirimiri txikia izan bazen ere, haur ugari bildu zen Bedaion», esan dute Artubitik. Aurtengo ekitaldia desberdina izan zela ere gaineratu dute: «10-16 urtekoentzat zezentxoak eta poneyak izan ziren Larrañetako zelaian, eta txikienentzat frontoian pintura saioa egon zen». Iluntzean, Bedaioko gazteek «lan azkar batean», herri afarirako dena prest utzi zuten. Mahaiaren bueltan jende ugari elkartu zen, eta ondorengo jokoetan, Gurbil Handiko Patxi izan zen irabazlea, berak asmatu baitzuen lau artaburutan zeuden 2.000 arto ale kopurua. Ordainetan, urdaiazpiko bat eman zuen etxera.

Hirugarren eta azken egunean, igandean, kirola izan zen jaun eta jabe Bedaion. XXIV. Txirrindulari Igoeran 40 partaide irten ziren, eta iaz bezala, Iban Eskisabel tolosarra izan zen garaile, 15 minutu eta 6 segundoko denborarekin. Arratsaldean marka jarri zuena Aimar Irigoien harri jasotzailea izan zen. Manterola harri berezia 21 aldiz jaso zuen errezildarrak hiru minutuko txandan. Aizkolariak ere izan ziren, eta hauen artean, 8 urteko Enaitz ibili zen. Artubikoen esanetan, «saio polita eta gogorra egin zuen, plaza gizona dela erakutsiz». Herri kirolen ondoren, jaietako zozketa egin zen, eta 315 zenbakia atera zuten. Abaetxe jatetxeko afaria zozkatu zen, eta irabazlea Etxeberri etxeko Iñaki izan zen.

Azkenik, jaien antolatzaileek aipamen berezia egin nahi izan diote hain eurena duten ekitaldi kuttun bati, hau da, Bedaioko Ingurutxoari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!