Intxurre Pilota Eskolako pilotariek ezker hormako partidak jokatuko dituzte gaur, hilak 13, Alegiako pilotalekuan. Jaialdia 19:00etan hasiko da, eta guztira hiru partida ikusteko aukera egongo da. Lehen lehian Intxurrekoak Intzakoen aurka ariko dira, kadete mailan eta binaka. Ondorengo lehian, Intxurrekoek Ziotzako bikoteari egin beharko diote aurre. Hau ere kadete mailako partida izango da. Pilota jaialdiko azkena, ordea, jubenilei dagokien lehia izango da. Kasu honetan, etxeko pilotariek Zestoa 2-ren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Intxurre Pilota Eskolatik azaldu dutenez, Intxurre 3 taldea txapelketatik ateratzea erabaki dute. Jubenilen partida izan ezik, beste bi partidak lehenengo faseko lehiak izango dira. Jubenilei dagokiena, B faseko lehia izango da.
Aurrera Saiazeko partidak
Aurrera Saiazek ere haste honetan ekingo die Gipuzkoako txapelketako partidei. Amezketan, etxeko taldearen aurka jokatuko dute gaur 21:00etan. Bixintxo-Arratibel irtengo dira kantxara Aurrera Saiazen aldetik. Nagusien mailan, Artola-Telletxeak larunbatean jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan, Soraluzeko bikotearen aurka. Lehia 11:00ean hasiko da.