Gipuzkoako bidegorrien sarearekin bat egingo du Amasa-Villabonak

Ataria 2013ko irailaren 13a

Amasa-Villabonan bidegorria egiteko proiektua martxan jarriko da datozen asteotan. Modu horretan, Gipuzkoako bidegorri sarearekin bat egingo du, Irura eta Adunako bideak lotuz.

Dagoeneko proposatu dute bidegorriaren ibilbidea. Herri guztia bidegorritik zeharkatzeko aukera emango du, inongo momentuan errepidera irten behar izan gabe, eta lau fase izango ditu.

Lehen fasea, Agaraitz auzotik, Adunako zubitik kale nagusira bitartekoa da. Lehen fase horren erdia egina dago dagoeneko, eta Kale Berrian sartzean, bidegorria erreka ondotik desbideratuko da. Zati horretan, espaloia eraikiko dute bizikletentzat.

Bigarren fasea alde zaharra Kale Nagusitik barrena alderik alde zeharkatzen duena da. Ibilbide zati hau mistoa izango da, hau da, oinezkoekin batera ibili beharko dute.

Hirugarren zatia, Gaztelekutik hasi eta Errota auzoa zeharkatuz, Arroa auzoraino doana da. Lehen fasean bezala, hemen ere errepidea eraikiko da.

Eta azken fasea, berriz, Iruratik, 34. industriagunea zeharkatuz Arroa auzora doana da. Ibilbide hori egina dago jada.

Herritarrei proiektuaren inguruko argibide gehiago eman eta ekarpenak jasotzeko asmoz, bilera irekia antolatu du udalak datorren ostegunerako. Hitzordua, 19:30ean izango da, Gaztelekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!