Ibarbia eta Agirrezabala, mendi lasterketen Espainiako Koparen bila

Ataria 2013ko irailaren 13a

Mendi lasterketan Espainiako Kopako podiumean eskualdeko bi korrikalari izan daitezke, eta goiko bi postuetan gainera. Aitziber Ibarbia zizurkildarra eta Leire Agirrezabala ibartarra Euskal Selekzioarekin lehiatuko dira igandean Granadan (Espainia) jokatuko den La Sagra Sky Race proban. Hassan Ait Chaou billabonatarra ere gizonezkoen mailan lehiatuko da, baina podiumeko postuak urrutiago ditu. Eskualdetik joango den beste korrikalaria Nerea Amilibia zizurkildarra da, baina ez du parte hartuko proban, orain gutxi zaldi batetik erori eta femurrean mina hartu eta gero. Halere, koparen beteranoen podiumean izateko aukerak ditu Amilibiak.

La Sagra Sky Race koparen laugarren proba da eta beste hirurak baino %20 gehiago balio du puntuaketan. Jasotako hiru puntu-kopuru handienak kontuan hartzen dira azken sailkapenerako. Aitziber Ibarbia egun laugarren postuan dago, 176 punturekin, bi probetan bakarrik lehiatu eta gero: Kantabrian eta Zumaian jokatutakoetan bigarren egin zuen. «Gustura nago orain arte egindakoarekin; ea azkenekoa nola ateratzen den, kopa irabazteko aukerak ere baditudalako», esan du Ibarbiak. «Leire ere hor dago, eta nik uste dut bietan lasterketa onena egiten duenak irabaziko duela kopa».

Igandeko probak 27,5 kilometro ditu, 2.180 metro igotzen dituzte eta 1.750 metro jaitsi. Ibarbiak uste du berarentzako egokia dela lasterketa: «30 kilometrotik gora larriago aritzen naiz. Muga horretatik behera hobeto moldatzen naiz. Granadakoa niretzat aproposa da, dituen kilometro kopuruarengatik, goraka beheraka baina hobeto aritzen naiz, eta jaitsierak badu zati bat tekniko xamarra eta hori ez da ona Leirerentzako».

Amilibia, pena handiarekin

Leire Agirrezabala berria da mendi lasterketen txapelketetan, baina oso indartsu sartu da. Leitzan jokatu zen Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa irabazi zuen, eta Euskal Selekzioarekin parte hartzeko gonbitea jaso zuen. Bi probetan parte hartu du: Lanzarotekoan bosgarren egin zuen eta Zumaiakoan lehenengo postuan amaitu zuen. «Ez nuen espero aukerarik izatea; hala ere, uste dut irabazi egin beharko dudala kopa eskuratu ahal izateko», azaldu du Agirrezabalak.

Probaren perfilarengatik, Agirrezabalak berarentzat egokia ikusten du igandeko proba, baina arriskuren bat ere ikusten du: «Jaitsierak pixka bat teknikoak dira eta ez dakit nola aterako den. Aldapa gora ahal dena eman eta gero ikusiko dugu». Ibarbiaren eta Agirrezabalaren aurkaririk nagusiena Eva Maria Moreda da. Hiru probetan hirugarren egin du eta sailkapenean lehenengo postuan doa.

Nerea Amilibiak pena handia du ezingo duelako parte hartu azkeneko proban. Orain arte hirugarren doa sailkapen orokorrean, baina igandeko proban ez denez lehiatuko, lehenengo postuei ezingo die eutsi. «Nire helburua beteranoetan irabaztea zen, eta ikusiko dugu Elena Calvillo taldekideak zer egiten duen», azaldu du Amilibiak. «Ziurrenik berak irabaziko du eta ea ni ere podiumera igotzen naizen orain arte lortutakoarekin». Amilibiak Granadara joateko asmoa du, Euskal Selekzioko beste korrikalariei ahal den moduan laguntzeko.

Hassan Ait Chaouk ere Euskal Selekzioarekin parte hartuko du. Dagoeneko hiru proba jokatu ditu eta seigarren postuan dago sailkapen orokorrean, 5., 13. eta 6. egin ondoren. Granadako proban aurreko postuetan sartu beharko du egungo sailkapena hobetu nahi badu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!