Pasa den urteko txirrindulari probako irabazlea, Ahetze Arratibel, helmugan sartzen.
Egun aldaketarekin dator aurtengo San Bartolome txirrindularitza Saria. Abuztuan egin ohi zena, aurten irailera atzeratu beharra izan dute, antolaketa arrazoiak tarteko, eta etzi, igandean izango da, 10:00etan hasita.
Lasterketa beteranoa da Ibarra Kirol Elkarteak antolatzen duen San Bartolome Saria, 32. urtera iritsi baita dagoeneko. Jubenil mailako txirrindulariek hartzen dute parte, eta 75 kilometro luzerako ibilbidea egin beharko dute. Ibarrako Euskal Herria kalean izango du irteera eta helmuga. Tartean, Tolosa, Lizartza, Tolosa, Ibarra, Tolosa, Alegia, Amezketa, Alegia, Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Tolosa, Leaburu eta Belauntza igaro beharko dituzte parte hartzaileek helmugara iristeko. Bi orduko iraupena beharko dutela txirrindulariek aurreikusten dute antolatzaileek.
Pasa den urteko irabazlea Caja Rural taldeko Ahetze Arratibel izan zen, eta taldeka Cartonajes Limousin izan zen garailea. Parte hartzaile kopuruari dagokionez, egunean bertan azaltzen diren taldeen araberakoa izango da, horregatik ez dakite ziurtasunez zenbatekoa izango den.
Bestalde, Ibarra Kirol Elkarteak lasterketan zehar laguntzeko prest agertu diren bazkideen kopurua nabarmendu du, eta motozaleen eta duatloiko antolatzaileen laguntza ere eskertu du.