Mendien edertasuna kolokan

Ataria 2013ko irailaren 12a

Hain ederra, hain polita da ta...». Euskal Herria eta bere mendien edertasunaz hitz egiten du Ikusi Mendizaleak herri kantak. Ederrak dira euskal mendiak, bai, euskaldunon altxorrik preziatuenetako bat. Baina azken aldian, mendizaleek benetan ikusten dutena ez da irudi eder hori, baso eta zelai hondatuak, baizik.

Hondamendi hauen atzean zenbait eragile daude. Horietako batzuk motozaleak dira. Badira, noski, motorrez errespetuz eta legeak betez gozatzen dutenak, baina baita hori egiten ez dutenak ere. Tolosaldeko eta Goierriko mendizaleak oso arduratuta dira horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundian salaketa bat ipini dute, «pixkanaka-pixkanaka, kalte handiak eragin etan mendiak gero eta gehiago hondatzen ari direlako».

Juan Luis Irazustak eta Bixente Iguaranek, Aizkardi mendi elkarteko kideek, azaldu dutenez, motoak –enduroak– pistetatik ateratzen direnean sortzen da arazoa: «Pistetatik ibiltzen dira batzuk, eta horren aurka ezin da ezer egin, eskubide osoa baitute bertan ibilitzeko. Baina arazoa pistetatik ateratzean sortzen da, basoetan bide berriak egiten baitituzte. Baso horietan zirkuitoak sortzen dituzte, zailtasunen bila, euren abilezia proban jartzeko», salatu dute mendizaleek.

Bide berriak bakarrik ez, kalte gehiago ere eragiten dituzte motoek: «Potentzia handiko motoak direnez, zulo handiak eragiten dituzte lurrean, bidezidor modukoak. Horrez gain, zuhaitzen sustraien gainetik pasatzen badira, batzuetan airean geratzen dira, eta horrek zuhaitzen biziraupena asko murrizten du. Inguruko abereak ere uxatu egiten dituzte, eta arriskutsua izan liteke hori». Arazo horiek areagotu egiten dira motozaleak taldeka aritzean.

Eskualdean bakarrik ez

Amasa, Belabieta, Loatzo, Berastegi inguruak.... eskualdeko hainbat lekutan antzeman dituzte kalteak mendizaleek, baina arazoa «haratago» doala ohartarazi dute: «Arazo hau ez da geurea bakarrik, Gipuzkoako beste bailara batzuetan ere gertatzen ari da, Deskarga, Lastur eta Murumendi aldean adibidez».

Inguru horietan kontrolik ez dagoela nabarmendu dute Aizkardiko kideek, eta ondorioz, kanpotik ere etortzen dira motozaleak. «Beste toki batzuetan, Nafarroan adibidez, ez da hainbeste gertatzen horrelakorik, mendiak babestuago dauzkatelako, eta legedia ere garatuagoa delako. Hemen ez dira legeak betetzen, eta ez dituzte betearazten. Horregatik asko gure eskualdera etortzen dira, lasai ibil daitezkeelako. Badakite non dagoen permisibitate handiagoa». Hori dela eta, neurriak hartzea «beharrezkoa» dela diote Irazustak eta Iguaranek.

Aldundia lanean ari da

Hori kontrolatzeko eskumenak aldundiari dagozkio, eta Ismael Mondragon, diputazioko Basogintza eta Natura Inguruneko zerbitzuburuaren arabera, jakinaren gainean daude. «Udalen bitartez hainbat salaketa iritsi zaizkigu, eta irtenbideak bilatu nahian gabiltza», aitortu du.

Martxoan, esaterako, prentsa ohar bat zabaldu zuten kontzientziatzeko helburuarekin. Bertan, mendian motorrekin ibiltzeko baldintzak gogorarazten ziren, hala nola, pistetatik ibili beharra, itxiturak eta abereak errespetatzea, oinezkoei lehentasuna ematea, edota pista eta parke naturaletako seinaleak errespetatzea. Txapelketak edo frogak egiteko baimen bereziak behar direla ere gogorarazten zen bertan.

Hala ere, nahikoa ez dela ikusita beste pauso batzuk ematen hasi direla azaldu du Mondragonek: «Ahal duguna egiten dugu, agian ez da nahikoa. Basozain eta ertzainek kontrolatzen dute, izan ere, kontuan hartu behar da ibilgailu horietako asko ez daudela matrikulatuta ere. Ertzaintzarekin elkarlanean gaude, puntu konfliktiboenak identifikatu eta mapa bat osatzen ari gara, puntu horietan kontrola handitzeko». Hala ere, zaintza gehiago egitean, praktika honetan ibiltzen direnak beste leku batzuetara mugitzeko arriskuak jarraituko duela ere ohartarazi du. «Kontzientziatu egin behar da».

Iguaran, ordea, ez dago aldundiko ingurumen zerbitzuburuarekin guztiz ados: «Gure inguruan ez dugu kontrol gehiago sumatu. Agian eremu naturaletan egin dute hori, baina gure mendi txikietan ere beharrezkoa da».

Bi aldeak batzeko deia

Mendizaleen hitzetan, alde guztien artean adostasun bat bilatu behar eta nahi dute, hori dela eta bilera bat egiteko deia zabaldu diete nekazari, motozale, mendizale eta administrariei. «Araudia betearaztea da nahi dugun bakarra». Hori, eta mendien edertasuna bere horretan mantentzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!