Uganen eta Kalebeheran auzoko jaiak ospatuko dituzte

Ataria 2013ko irailaren 12a

Tolosako eta Alegiako auzo banatan jaiak ospatuko dituzte ondorengo egunetan. Egun bakarreko nahiz hiru eguneko egitaraua osatu, festa-giro ederra bizitzeko aukera egongo da Uganen eta Kalebeheran.

Ugane auzoko jaiak[/caption]

Ikaztegieta ondoan dagoen Tolosako Ugane auzoan larunbatean ospatuko dituzte auzoko jaiak. 12:00etan emango diote irteera festari, eta baita txirrindulari probari ere. Ikaztegieta amaieran dagoen Zubiaurre tabernaren paretik irtengo dira txirrindulariak, eta helmuga Uganen izango dute. Hortik aurrera, goizaldera bitarte auzoko festek ez dute etenik izango. Azken orduko albisteen artean, mondejoak dastatzeko aukera egongo dela esan dute antolatzaileek. Jan kontuekin jarraituz, bazkaria eta afaria egongo direla ezin ahaztu. Horrez gain, haurrentzat jolasak ere ez dira faltako. Azkenik, Imanol Mendizabalen eta Aitor Arraizaren erakustaldia azpimarratu behar da, izan ere, bi ikaztegietarrek pisu eta disko jaurtiketa froga egingo dute Uganen.

Hiru egun Kalebeheran

Alegiako Kalebehera auzoan ostiralean hasi eta igandean amaituko dira jaiak. Hiru eguneko egitarauari suziriekin eta buruhandiekin emango die hasiera alegiarrek. Ondoren, tortilla txapelketaren txanda izango da, eta eguna amaitzeko, Alegian hain ohikoa den zahagiardoa egingo dute, trikitilarien emanaldiaren aurretik. Aipatu, herri bazkaria jaien azken egunean egingo dutela, hau da, igandean. Kalebeherako jaien antolatzaileen esanetan, aurtengo menua paella izango da.

Egitarauak

Alegiako Kalebehera

IRAILAK 13, OSTIRALA

19:00. Suziriak eta buruhandiak.

Ondoren. Patata tortilla lehiaketa.

Iluntzean. Zahagiardoa.

23:00. Trikitilariekin erromeria.

IRAILAK 14, LARUNBATA

12:00. Krosa.

16:00. Pala txapelketa eta ume jolasak, baita zinta lasterketa ere.

Iluntzean. Zahagiardoa.

Ondoren. Bertsolariak egongo dira.

IRAILAK 15, IGANDEA

12:00. Sutarri dantza taldea.

12:30. Sardin erreak eta txakolin probaketa.

15:00. Herri bazkaria.

Ondoren. Pilota eta pala txapelketako finalak.

Iluntzean. Zahagiardoa.

Gauean. Mus txapelketa.

Tolosako Ugane auzoa

IRAILAK 14, LARUNBATA

12:00. Uganeko XV. Txirrindulari igoera. Irteera Ikaztegietako Zubiaurre tabernaren paretik hartuko dute txirrindulariek.

Jarraian. Hernaniko bertsolari gazteek animatutako poteoa, pintxo eta guzti. Mondejoak ere egongo dira.

Ondoren. Pisu eta disko jaurtiketa, Imanol Mendizabal eta Aitor Arraizaren eskutik.

14:00. Auzo bazkaria.

Arratsaldean. Ume jolasak, toka, mus txapelketa...

Segidan. Saskiaren zozketa.

21:00. Auzo afaria.

Jarraian. Santuipekoen kontzertua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!