Iker Karrera amezketarrak Italian jokatu den Tor de Geants lasterketa irabazi du, 70 ordu eta 21 minutuko denborarekin. Aurreko marka bost ordutan hobetu du Karrerak. Igande goizean irten ziren mendi korrikalariak, eta helmugara iristen hiru egun behar izan zituen. Ibilbidea 330 kilometrok osatzen zuten, eta guztira 24.000 metro igo behar izan dituzte. Mundu mailako lasterketa horretan, txinatar bat hil da, Yuang Yang, erori eta buruan kolpea hartuta.
Iker Karrera helmugara iristen[/caption]
Lehen kilometroetan buruan multzo bat osatu zen, eta amezketarra bertan zen. 60. kilometroan aurrera egitea erabaki zuen Karrerak, nahiz eta Franco Collé-k gertutik jarraitu. Anoa guneetan frantziarrarekin topo egiten zuen euskaldunak, baina beti aurretik. Proba amaieran, Karreraren aurkaria iazko irabazlea izan zen: Oscar Perez. Bien arteko denbora murrizten hasi zen, ordubetera jarriz azken gauaren faltan. Denbora horrek beheranzko joera hartu zuen. Helmuga, ordea, ez zen urruti eta azkenean, Iker Karrerak 25 minutuko aldea atera dio Perezi.
Lasterketa bukatu ondoren, Euskadi Irratiarekin hitz egin zuen Iker Karrerak. Proba uste baino hobeto amaitu zuela esan zuen amezketarrak, «fisikoki ondo, eta buruz, horrelako lasterketa handia irabaztean, gutxitan izaten da poz handiagorik». Loaren inguruan galdetuta, 70 ordutan bi ordu exkax lo egin zuela onartu zuen: «Lehen egun guztia jarraian egin dut, gelditu gabe. Bigarren gauean ordubete egin dut, eta ondoren, beste bi edo hiru geldialditxo egin ditut, ordu erdi edo ordu laurdenekoak. Batzuetan loak jotzen ninduela nabaritzen nuen, baina burua beste gauza batzuetan jarri eta segi eta segi jarraitu dut». Inoiz baino gehiago jan duela ere esan zuen Karrerak, txakalaldiak ekidin nahian, baina horrelako proba batean «beldur» horrekin ibiltzen zarela ere adierazi zuen amezketarrak: «Badakizu zuloren bat izango duzula, baina ez dakizu noiz iritsiko zaizun. Zorionez, izan ditudanak ez dira handiak izan, eta ongi egin diet aurre». Azkenik, denboraldiko helburu nagusia bete duela esan zuen Iker Karrerak.