Sormenez beterik daude Ibarrako kultur etxeko hormak. Koadroak, karetak, kaxak, collage-ak... askotariko gai, paisaia, pertsonaia eta kolorez osatuak. Guztiak Ibarrako eta Tolosako gaztetxoek eginak dira, eta hilaren amaierara arte izango dira bertan ikusgai.
Marce Tenaren marrazketa, pintura eta adierazpen artistikoa tailerrean parte hartu duten 5 eta 11 urte bitarteko 16 gaztetxo dira lanen egileak. Helduentzat ikastaroak ematen ditu, eta aurten, bigarren urtez haurrekin aritu da ibartarra. «Lehen urtean zortzi neska-mutil animatu ziren, eta aurtengoan bikoitza izan ditut. Harrera oso ona izan dute tailerrek, eta oso pozik nago», dio Tenak. Gainera, hurrengo urterako ere gaztetxo asko izango dituela espero du, dagoeneko errepikatuko dutenekin taldea osatua baitute. Urrian hasiko dira ikasturte berriko eskolak, eta ekainera bitarte iraungo dute. «Dena den, aurrerago, edozein unetan, hasteko aukera ere badago, irekia baita kurtsoa».
Marce Tenak bere ikasleek iragan ikasturtean zehar eginiko «lan handia» nabarmendu du. «Denetarik landu dute: pasta modelatzen aritu dira, koadroak erliebean egin dituzte, karetak landu dituzte eta collage-ak egiten ikasi dute, besteak beste». Era berean, «koloreekiko edo pinturarekiko duten zaletasuna eta jakinmina» azpimarratu du.
Marrazketa eta adierazpen artistikoa tailerreko irakasleari ere betidanik gustatu izan zaio marrazkigintza. Bere kabuz ikasi zuen, autodidakta da, beraz. Gaztetxoentzako tailer bat zuzentzera animatu zuten, eta horrela hasi zen duela bi urte, eta oso pozik dago hartu zuen erabakiarekin, «oso polita eta aberasgarria» izan delako.
Sarituriko lanak
Bestalde, erakusketan ikusgai dauden lanen maila handiaren adierazle, bertako bi lan sarituak izan dira Donostian egiten diren bi lehiaketatan. Uxue Estibariz hirugarren izan da infantil mailan Ura izeneko lanarekin, Zipristin fundazioak antolaturiko txapelketan. Eta Satya Apeztegia laugarren izan da infantil mailan, Gipuzkoa plazan udaberria izeneko lanarekin, Tamayok antolaturiko txapelketan.