Herritar ugarik adierazi diote babesa Jokin Aranalde iheslari gazteluarrari, eta bere aurkako euroagindu eskaera salatu dute. Euroaginduaren Aurkako Herri Mugimenduak deituta, Euroagindurik ez! Konponbide garaia da! lelopean manifestazio jendetsua egin zuten atzo Tolosako Triangulotik Ibarrako plazaraino, Aranalderi elkartasuna adierazteko antolaturiko ekitaldiekin amaituz. Aurrez, atzo goizean, iheslari gazteluarraren euroagindu eskaera izan zuten aztergai Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberan. Irailaren 24an emango dute ezagutzera Espainiak eginiko eskaeraren inguruan hartutako erabakia.
Jokin Aranalderi alaba ETAn sartzea leporatu zion Espainiak, eta Amaia Rekalde abokatuak oroitarazi zuen atzo, Mikel Uzkudun presoak aitortu zuela berak sartu izana Aranalderen alaba ETAn. EIPKren garrantzia nabarmendu zuen Aranaldek epaiketan, eta ekainaren 15eko ekitaldian eginiko konponbide proposamena oroitarazi. Gainera, gogoratu zuen François Hollande Frantziako presidentea Aljeriara joan dela bertako gerran Frantziak eginiko krimenengatik barkamena eskatzera, eta gaineratu zuen espero duela Frantziako presidenteak 60 urte barru Euskal Herrira barkamen eske etorri behar ez izatea.
Jokin Aranalderekin batera, Aitor Zubillaga iheslari legazpiarra estraditatzeko euroagindu eskaera ere aztertu zituen atzo Paueko Auzitegiak. Libre uzteko eskatu zuen defentsako bere abokatuak, Espainiak ez zuela informazioa sei eguneko epean igorri argudiatuta, eta Espainiaren akusazioan datak nahastu egiten direla delitu batengatik bi aldiz zigortzeko.
Eskualdeko babesa
30 lagun inguru joan ziren atzo Pauera, bi iheslariei babesa adieraztera, tartean Jexux Peñagarikano Ibarrako alkatea eta Ibai Iriarte Tolosakoa eta eskualdeko hainbat herritar. Jexux Peñagarikanok adierazi duenez, «herritarrari elkartasuna adierazteko helburuz» joan ziren bertara: «Agurtu egin dugu, animoak eman dizkiogu, eta berak gure presentzia eskertu du». Peñagarikanok Aranaldek adierazitakotik giza alorra nabarmendu du: «Bizi izan duen errepresioaren berri eman du, nola izan den torturatua, eta nola erabaki zuen ihes egitea ezin izango zuelako jasan berriro torturatua izatea.
Bestalde, Frantziako Justiziari gatazka konpontzeko bidean ahal duen guztia eskatu dio», adierazi du Peñagarikanok.
Iheslariek «gatazkaren parte aktibo» izan nahi dutela adierazi dutenean iritsi dela Jokin Aranalderen eta beste iheslarien atxiloketa gogoratu du Peñagarikanok: «Iheslari bakoitzaren drama pertsonalaz gain, kolektibo osoaren egoera konpontzea ezinbestekoa da».
Berme demokratikorik ez
Bestalde, epaiketan izan zen Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidente Patrick Baudouin. Espainian torturak sistematikoak direla ohartarazi zien epaileei, eta nabarmendu Espainiako Justiziak ez duela nahikoa berme demokratikorik eskaintzen. Hori hala, epaileei gogorarazi zien, nazioarteko hitzarmenei jarraituz, uko egin diezaieketela bi estradizio eskaerei.
Miarritzen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 15ean gatazkaren konponbiderako proposamen bat aurkeztu, eta egun batzuetara, ekainaren 24an, atxilotu zuen Jokin Aranalde Frantziako Poliziak Heletan (Nafarroa Beherea), ezohiko kontrol batean. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, euroagindu eskaera baten ondotik atxilotu zuten, baina, epailearen aurretik igaro ostean, Aranalde aske geratu zen. Izan ere, euroagindua tramitatu gabe zegoen Espainiako Gobernutik indarrean zegoela zabaldu arren.
Aranalde Gaztelun jaio zen, baina urte luzez Ibarran bizi izan zen. Frankismo garaian bi aldiz atxilotu zuten, 1967an eta 1968an. Ondoren, 2012an, berriro atxilotu zuten. 12.000 euroko fidantzapean askatu zuten azken atxiloaldi horretatik; aurrekoetan bezala,orduan ere torturatua izan zela salatu zuen Aranaldek. Aske geratu eta hilabete gutxira, atxiloketa berri batzuen beldur zelarik Iparraldera egin zuen ihes.