Tolosaldeko Bai Euskal Herriari herri mugimenduak bi hitzordu plazaratu ditu ondorengo egunetarako. Alde batetik, hitzaldia antolatu dute Anoetan, eta bestetik, Herniorako irteera. Aldarrikapena, aldiz, bakarra da eta argia da: Geurea ikurrina!
Irailaren 12an eta 15ean ikurrina eta mendia elkarrekin joango dira Bai Euskal Herriari esker. Batak eta besteak duten lotura aztertu ondoren, mendian euskal ikurraren koloreak erakutsiko dituzte. Lehen deialdia hilaren 12an izango da, hau da, ostegunean. Anoetako auditorioumean Euskaldunak mendian gaiaren inguruan bi mendizale ariko dira. Alde batetik, Everest mendira ikurrina igo zuen lehen mendizalea ariko da hizketan, hau da, Martin Zabaleta. Bestetik, espedizio guztietara euskal ikurra soinean eraman duen Jon Goikoetxea Boli ibartarra. Lehen pertsonan bizitako esperientziak kontatzeaz gain, euskaldunek mendian izan duten bilakaeraz mintzatuko dira bi mendizaleak.
Bigarren hitzordua irailaren 15ean, igandean, izango da. Mendi irteera berezia egingo dute Anoetatik eta Asteasutik abiatuta. Berezia da, Hernio protagonista duen beste ekimen batekin bat egiten duelako. Iraileko igandeetan ohikoa da Herniora joatea; mendi-buelta egin eta ondoren erromerian dantzatzea. Bai Euskal Herriarik euren ekarpena egingo dio jaiari, ikurrinaren aldeko aldarria Herniora eramango baitute igandean. Bi irteera puntu jarri dituzte, eta mendi martxa gailurrean amaituko da. Anoetatik 08:45ean irtengo dira, eta Asteasuko Iturriotzetik ordubete beranduago. Batera joan ezin duenak, bestera joateko aukera izango du, beraz. Herniora eguerdian iritsiko dira, ekitaldia 12:00etan jarri baitute bertan.
Tolosaldeko Bai Euskal Herriari herri ekimenak eskualdeko herritar guztiak deialdi hauetara gonbidatu ditu, ikurrinaren aldeko kanpainarekin bat egiteaz gain, mendiaz gozatzeko aukera eskaintzen baitute.
Deialdiak
Irailak 12, osteguna
19:30. Anoetako auditoriumean, hitzaldia: Euskaldunak mendian. Martin Zabaleta eta Jon Goikoetxea Boli-ren eskutik.
Irailak 15, igandea
HERNIORA MENDI MARTXA
08:45. Anoetako plazatik irtengo dira Herniora joateko.
09:45. Asteasuko Iturriotzetik abiatuko dira Herniora joateko.
12:00. Hernio tontorrean ekitaldia.