Hilabete bukaerara arte dago zabalik AEKn matrikulatzeko epea

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 11a, 10:44

Andoaingo AEK euskaltegian 2013-2014 ikasturtean matrikulatzeko garaia zabalik da dagoeneko, eta hilabetearen amaierara bitarte, irailaren 30era arte hain zuzen, izango da euskara klaseetan izena emateko aukera.

AEKren egoitza Andoainen kokatuta badago ere, Anoeta, Irura, Zizurkil eta Amasa-Villabonan ere klaseak ematen dira, baldin eta aurrera egiteko nahikoa jende biltzen den taldean.

Izen-emateko, hainbat modu daude: Zizurkil, Irura, Anoeta eta Villabonako Udaletako euskara zerbitzuetara joatea da aukera horietako bat; gainontzean Andoaingo bulegoarekin kontaktuan jarri daiteke andoain@aek.org helbidearen edo 943591704 telefono zenbakiaren bitartez. Andoaingo Extremadura kalean kokatuta dauden bulegoetako ordutegia, 10:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00ra bitartekoa da.

Euskalduntze maila guztiak eskaintzen ditu AEKk. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako hizkuntza eskakizunak prestatzeko klaseak ere baditu, EGAko azterketa prestatzeaz gain. Horrez gain, kurtsoan zehar kultur ekimenak antolatzen dira ikasleak elkar hobeto ezagutu eta euskaraz mintzatzeko, hala nola, bazkari-afariak edo txangoak.

Raquel Estevez, duela sei urtetik Anoetan bizi den ikaslea da, eta bere esanetan, «hitz egitea, jolasak eta egindakoa errepasatzea» da gehien estimatzen duena, «konturatu gabe euskara barneratzen duelako».

Klaseak urriaren 3an hasi, eta ekainaren 19an bukatuko dira. Ordutegi zabala eskaintzen du goizetik gauera bitarte. Pertsonalizatzeko aukera ere bada, autoikaskuntza sistemak ordutegia ikaslearen beharretara egokitzea ahalbidetzen baitu.

Diru laguntzak

Bestalde, udalek diruz laguntzen  dituzte ikasleak, eta horietarako asistentzia eta klaseen aprobetxamendua kontuan izaten dira. Anoetako Udalaren kasuan, lanean ari direnek %90eko asistentzia izan behar dute; eta langabezian daudenek eta erretirodunek, %80ko asistentzia behar dute izan. Iruran, berriz,  langabetu eta erretirodunek %85eko asistentzia izan behar dute. Langabezian daudenek ere martikularen balioaren %100a itzultzea lor dezakete. Matrikulazioa egin orduko aurkeztu behar da udaletxean laguntza eskaera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!