Festa nahi zuenak aukera izan du asteburuan, eskualdeko sei gunetan izan baita jai giroa, Alkiza, Elduain, Lizartza, Zizurkil eta Tolosako Izaskun eta Bedaio auzoetan, hain justu. Haur, gazte zein helduek ederki igarotzeko moduko ekitaldiak izan dituzte batean eta bestean.
Zizurkilen, esaterako, ostegunetik atzora bitarte murgildu dira jaietan. Larunbatean blusak izan ziren protagonista, eta giro polita izan zen euren artean eginiko jokoetan. Aurretik, herri bazkari jendetsua izan zen, 500 lagun baino gehiagorekin. Atzokoan, berriz, erretirodunei eskainitako eguna izan zen, eurentzako joko eta bazkariarekin.
Tolosako Izaskun auzoan, berriz, ikusmin handia piztu zuen larunbatean egin zuten auzoen arteko olinpiadak, Larramendi auzoko taldea izan zelarik garailea. Bedaion, bestalde, gaztetxoek ederki gozatu zuten larunbat arratsaldean. Batetik zezentxoak eta poneyak izan zituzten, eta bestetik jolasak eta antzerkia, arratsalde borobila, beraz. Gainerakoan, nabarmentzekoa da Aimar Irigoinek herenegun egindako herri kirol saioan 150 kiloko zilindroarekin ezarri zuen marka.
Elduainen ere hiru egunetan zehar, askotariko ekitaldiak izan dituzte, adin guztiei zuzendutakoak, ohiko joko eta txapelketekin eta dantzaldiekin. Baita, Alkizan ere. Hemen herriko gaztetxoen artean eginiko txirrindu proba nahiz gazteen arteko herri kirol saioa nabarmendu behar, giro bikaina sortu baitzuten. Sagardo eta txakolin dastatzeak eta antzerkiak ere jende ugari erakarri zuen.
Lizartzarrek ere ederki igaro dituzte herriko jaiak. Herritarrez osaturiko bost taldeen artean eginiko patata tortilla lehiaketa, sagardo dastatzea, orexarren aurkako kirol desafioa nahiz herenegun eginiko urteroko Otsolar dantza taldearen emanaldia izan dira azpimarratzeko ekitaldiak.