Arandia, Erasun eta Artola garaile Joxean Tolosa pilota txapelketan

Ataria 2013ko irailaren 10a

Amezketako pilotalekua jendez bete zen XXIV. Joxean Tolosa pilota txapelketako finalak ikusteko. Ikusmin handia zen ikuslegoan, eta pilotariek ez zuten kale egin, partida onak eskaini zituzten.

Arratsaldeko lehena, kadete mailakoa, izan zen hiru finaletatik onena. Emozioz betetako partida estua izan zen. Arandiak aurre hartu zuen, markagailuan 2-8koa ezarri zuen arte. Bakaikoak, ordea, buelta eman zion egoerari, eta 15-10 jarri zen aurretik. Arandiak ez zuen etsi, eta gogor lan egin ostean, zabalera botatako ñaku batekin garaipena lortu zuen (16-18).

Gazteen mailan, Erasun eta Elizalde izan ziren nor baino nor. Elizalde urduri hasi zen, eta horrek lanak erraztu zizkion Erasuni. Zizurkildarrak bederatzi tanto egin zituen sakez. Azkenean, 18-10eko emaitzarekin irabazi zuen Erasunek.

Nagusien mailan, berriz, Artola jaun eta jabe izan zen finalean. Santxok aurre hartu zuen hasieran, 1-4ko emaitzarekin. Baina alegiarrak sakea berreskuratu eta hamabost tanto egin zizkion jarraian, partida ia erabakita utziz. Azkenean, Artola 18-7 gailendu zitzaion Santxori.

Sari banaketaren ondoren, Zazpi Iturri elkartean afaldu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!