Pasa den asteburu honetan, Europako Sega Txapelketa jokatu da Hego Tirolgo (Italia) Toblach herrian, eta Euskal Herria ordezkatu duten Almitza Sega Elkarteko 15 segalari aritu dira bertan.
Dominen bat lortzea zuten helburuetako bat, baina ez dute arrakastarik izan. Dena den, «aurtengo edizioko maila izugarri ona izan dela ikusita», egindako lana «nabarmentzekoa» dela adierazi dute Almitzako arduradunek, eta gustura azaldu dira Italian bizitako esperientziarekin. «Antolakuntza aldetik ere bikaina izan da».
Dominarik lortu ez duten arren, finkatutako bigarren helburua lortu dute, lehen hamar sailkatuen artean hainbat segalari izatea. Gizonezkoen mailan lortu dute, Igor Esnaola –laugarren– eta Bixente Mitxelena –seigarren– izan baitira, 64 partaideen artetik. Gainontzean suitzarrak izan dira nagusi, hiru dominak beraiek lortu baitzituzten. Armin Betschart izan da txapelduna, Stefan Luönd-ek lortu du zilarrezko domina, eta Martin Frischkancht izan da podiuma osatu duten segalaria.
«Podiuma oso gertu izan du Igorrek. Pena bat izan da, baina aurkarien maila ikusita ontzat ematen dugu lortutakoa» azaldu du Garikoitz Llobregat, euskaldunekin batera bidaiatu duen sega epaile altzotarrak.
Emakumezkoen mailan, berriz, «emaitzak nahi baino juxtuagoak» izan direla aitortu du Llobregatek. Margit Steinman eta Marie-Luise Löker austriarrak izan dira podiumeko lehen bi postuetan. Hirugarren, Regula Frehner suitzarra izan da. Hemezortzigarren postuan sailkatu da lehen emakume euskalduna, Alazne Etxaburua zizurkildarra, hain zuzen. 35 segalarik hartu zuten parte guztira nesken mailan.
Sega bakarrik ez zen izan Italian, izan ere, euskaldunek herri kirol eta dantza erakustaldiak eskaini zituzten. Horrez gain, turismo pixka bat ere egin dute: «Leku ederrak bisitatzen ari gara», esan zuen Alpeetatik atzo Llobregatek.
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
1. Armin Betschart (Suitza)
2. Stefan Luönd (Suitza)
3. Martin Frischknecht (Suitza)
4. Igor Esnaola
5. Ruedi Roth (Suitza)
6. Bixente Mitxelena
Emakumezkoak
1. Margit Steinman (Austria)
2. Marie-Luise Löker (Austria)
3. Regula Frehner (Suitza)
18. Alazne Etxaburua