Gizartearen norabidea islatzen duten aferak

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 6a, 12:03

Duela zortzi hilabete izan zuten Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko beharginek enpresako zuzendaritzak Zizurkilgo lantegia ixteko zuen asmoaren berri. Etenik gabeko zortzi hilabete izan dira eurentzat, enpresa ez ixteko ahaleginean hamaika ate ikutu eta protesta burutu baitituzte. Handiaren helburuak, baina, izan dira beste behin aurrera egin dutenak. Ondorioz, Zizurkilgo lantegiak behin betiko ateak itxi ditu eta langileak lanik gabe geratu dira.

Mikel Zabaleta ELAko ordezkariak gogoratzen duen moduan, langileen helburu nagusia lanpostuak mantentzea eta Zizurkilgo lantegia berriro irekitzea izan da. «Borroka luzearen ostean lehen helburua betetzea ez dugu lortu, baina borrokak irtenbide duinagoa ahalbidetu du». Enpresak 6,4 milioira igo zuen azkenean langileen artean banatzeko kalte ordaina, aurrez eskainia baino bost milioi gehiago, eta gehiengo handi batekin, langileek onartzea erabaki dute. Beraz, aurreakordioan adosturikoa betez gero, bertan behera geratuko lirateke epaitegietan hasitako auziak.

Epaiketa atzeratzea

Iragan uztailean hasi behar zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian 74 langileren kaleratzea aurreikusten zuen enplegu erregulazio espedientearen aurkako epaiketa. Enpresak, ordea, 2014 urteko martxora atzeratzea lortu zuen hainbat trikimailu erabiliz. Horren ostean, AEBetako zuzendaritzarekin jarri zen harremanetan langile batzordea, eta eurekin zuzenean bilera bat egitea zela egokiena adostu zuten. Abuztu bukaeran Madrilen bildu ziren zuzendaritzarekin bi egunez, eta enpresak azken eskaintza bat egingo zuela esan zien. «Administrazio Kontseiluari baimena eskatuko ziela ahalik eta diru gehien jartzeko mahai gainean esan ziguten», azaldu du Zabaletak. Azken kopuru horrekin joan ziren langileengana, eta bozketan parte hartu zuten 70 langileetatik 65ek onartu zuen.

Zabaletaren arabera, langileek eginiko borroka erabakiorra izan da kalte ordain horretara iristeko. «Presio handia burutu dugu, bai mobilizazioetan, bai epaitegietan, bai eta erakundeetan ere. Beraiei auzia atzeratzeak ere kalte handia egin zekiokeen, eta azkenean, kopuru horretaraino ordaintzeko prest zeudela adostu zuten». Bestalde, ELAko ordezkariak azaldu duenez, «langileek ezustean jakin bazuten ere,

AEBetan egoitza duen multinazionalak aspalditik zuen berregituraketa plana martxan, eta deslokalizatzeko helburua. Eta hori argi ikusten ari da orain, Zizurkilgoa ezezik, beste hainbat ere ixten ari baitira».

Bestalde, Zabaletak langileak alde batetik «triste» daudela adierazi du, lanpostuak ez direlako mantendu. «Arrazoia langileek zuteela oso argi dugu, baina borroka konplikatua zen, eta epaiketetan gauza asko gertatu zitezkeen, eta gisa horretako multinazional batekin, are  eta gehiago». Bestetik, poztasuna ere sentitzen dutela esan du, «borrokak emaitza eman duelako: langileentzat oso gogorra izan da, hainbeste denboran horrela borrokatzea, inolako bukaera jakinik gabe».

ELAko ordezkariak hilabete hauetan herritarrengandik jasotako babesa eskertu du. «Legedia injustu baten aurrean gaude, langileak beti galtzen ateratzeko arauak dira, eta horregatik saiatu gara erakundeek guri laguntzen desoreka gure alde jartzeko, baina udaletxeetatik lortu dugunetik haratago, ez dugu laguntza berezirik jaso», adierazi du.

Kronologia

Urtarrilak 21. Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko beharginek enpresak 81 langiletik 75 kaleratu nahi zituztela jakin zuten.

Urtarrilak 25. Enpresak 81 lanpostuetatik 75 desagertzea aurreikusten zuen enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen. Jarduerari eustea ez zela bideragarria adierazi zuen enpresak, eta papergintzaren sektoreko krisia, salmenten jaitsiera eta makineria berritzeko egin beharko lukeen inbertsioa jarri zituen argudio moduan. Langileek «benetako sakeoa» egon dela salatu zuten, «2010. urtetik Zizurkilgo lantegitik multinazionalera 5 milioi euro baino gehiago eraman dituztelako, talde barneko salmenta neurriak guztiz desorekatuak izan direlako, eta muga zorrotzak jarri dizkiotelako lantegiari, bai egin beharreko produktuetan eta bai herrialde askotako merkatuetan sarrera debekatuz». Hala ere, urtez urte irabaziak ematen jarraitu duela esan zuten.

Urtarrilak 28. Zizurkilgo lantegiko beharginek greba mugagabeari ekin zioten.

Otsailak 1. Huyck Wangner lantegiko langileen batzordea eta multinazionalaren zuzendaritza bildu ziren estreinakoz, enpresak Zizurkilgo lantegia ixteko asmoa azaldu zuenetik.

Otsailak 2. Ehunka herritarrek hartu zuten parte Tolosan, Huyck Wangner-eko langileek deitutako manifestazioan, Zizurkilgo langileei elkartasuna azalduz, eta egoera salatuz.

Otsailak 25. Enplegu erregulazio espedientearen gainean negoziatzeko epea amaitu zen, eta bost bilera izan ostean, akordiorik ez zuten lortu. Multinazionalak ez zuela negoziatzeko «inongo borondaterik» agertu esan zuen langile batzordeak.

Martxoak 2. Ehunka lagun elkartu ziren Zizurkilgo lantegia ez ixteko eskatuz Tolosan egin zuten manifestazioan.

Martxoak 6. Enplegu erregulazio espedientea erretiratu zuen enpresak. Lantegia ez dela bideragarria argudiatuz, beste erregulazio prozesu bat martxan jartzeko asmoa agertu zuen multinazionalak, «langileekin akordioa lortu, eta aurreikusitako enplegu murrizketen eraginak ahalik eta gehien leuntzeko».

Martxoak 25. Huyck Wangner enpresak bigarren enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen. Zizurkilgo lantegiko 74 langileren kaleratzea aurreikusten zuen, eta 22 egunetik 25 era igo zuten lan egindako urte bakoitzeko kalte ordaina. Langileek «planteamendu bera» jarri dutela mahai gainean adierazi zuten, eta greba mugagabearekin eta elkarretaratzeekin jarraitzen zutela berretsi zuten.

Apirilak 11. Langileen batzordea lan ikuskaritzarekin bildu zen, eta Batzar Orokorretan agerraldia egin zuten. Alderdi politiko guztiek elkartasuna eta babesa adierazi zieten.

Apirilak 19. Alemanian izan ziren Zizurkilgo langileak multinazionalaren eraikin nagusian, protestan. Ezin izan zuten zuzendaritzarekin bildu, baina bertako langileen babesa jaso zuten.

Apirilak 29. Bigarren enplegu erregulazio espedientearen kontsulta epea amaituta, langileek kaleratze gutunak jaso zituzten. Ondorioz, langileek salaketa jarri zuten txostena baliogabetzea eskatuz.

Maiatzak 11. 300 lagun inguruk elkartasuna adierazi zieten Zizurkilgo lantegiko beharginei, Tolosan eginiko manifestazioan.

Uztailak 9. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian 74 langile kaleratzeko erregulazio dosierraren aurkako epaiketa hasi zen. Uztailaren 16ra atzeratu zen, enpresak zitazioak zuzen ez egotea argudiatu zuelako, eta gero, 2014ko martxora atzeratzea lortu zuen.

Irailak 5. Enpresako zuzendaritzak proposaturiko kalte ordainen igoera onartu dute Zizurkilgo langileek. 1,2 milioi eurotik 6,4 milioi eurora igo dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!