Haur jolasek eman diete lau eguneko jaiei hasiera Alkizan

Ataria 2013ko irailaren 6a

Alkizan eta Zizurkilen atzo hasi zituzten herriko jaiak. Haurrak izan ziren protagonista Alkizan. Alde batetik, arratsaldean zehar jolasean ibili zirelako, eta bestetik, ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izan zutelako ondoren. Hegazti harrapariek erakustaldia eskaini zuten jaien lehen egunean, Gipuzkoako federazioaren eskutik. Hegaztien ondoren, iluntzean, ugaztun harrapakarien txanda izan zen. Mahaiaren bueltan eserita, herri afaria egin zuten alkizarrek, erromeriaren aurretik. Jaiak igandean amaituko dira Alkizan.

Zizurkilen atzo hasi ziren festak, eta astelehenera bitarte, hamaika ekitaldi prestatu dituzte. Lehen eguna, VI. Kros mistoarekin hasi zen, eta gaur, Gazte Eguna ospatuko dute. Goizean eta arratsaldean haur eta gazteentzat jolasak egongo dira, eta iluntzean, Herrira Gaua egongo da. 22:30etik aurrera, The Bobby’s, Arkada Social, Willis Drummond eta Makulu Ken taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Tolosa, Lizartza eta Elduain

Alkizarekin eta Zizurkilekin batera, asteburuan beste hainbat lekutan jaiak ospatuko dituzte. Tolosako Izaskun eta Bedaio auzoak horren adibide dira, baita Lizartza eta Elduain ere. Herri eta auzo hauetan hiru eguneko egitarauak antolatu dituzte, eta non zer jakin nahi duenak, tolosaldea.hitza.info webgunean dauka herri hauetako jaietako egitaraua osoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!