Jolastokia errealitate izatear

Ataria 2013ko irailaren 5a

Jolastoki berria pilotalekuaren ondoan eraikiko dute.[/caption]

Pozik dira gazteluarrak. Oro har, herritar guztiak, baina, batez ere, gurasoak eta horien seme-alabak. Eta, ez da gutxiagorako. Izan ere, azken urteko esfortzuak eman du bere fruitua, eta hainbeste desiratutako jolastokia izango dute laster herriko plazan.

Azken urteetan haur asko ikusi ditu jaiotzen Gazteluk, Tolosaldekoaren bikoitzaren gainetik kokatu delarik bertako jaiotza tasa. Ondorioz, egun 2 eta 12 urte bitarteko hogei haur inguru daude. Gaztetxo hauek plazan elkartzen direnean frontoian edota aldameneko zelaian jolasten dute, kulunka eta txirrista zaharrak aspaldi erretiratu baitzituzten. «Duela lau urtera arte jolastokia bazuten, baina hura zaharkitua geratu zen, eta kendu beharra izan zuten», azaldu du Eider Olazar guraso elkarteko kideak. Hutsune hori zutela jabeturik, iazko herriko jaietan hasi ziren guraso batzuk elkartzen eta jolastoki bat nola egin eztabaidatzen: «Egoera ekonomikoaren ondorioz, udalak ezin zuen bere gain hartu jolastoki berria eraikitzeko gastua, eta  dirua lortzeko ekintzak antolatzea pentsatu genuen».

Hala, Txispiri Gazteluko guraso elkarteak eta Erroizpe Azpiko Kirol eta Kultur elkarteak, Gazteluko Udalaren laguntzarekin,  zozketa txartelak saldu dituzte, ETB1eko Mihiluze saioan izan dira, kamisetak egin dituzte, Gazteluko eta Leaburuko azoketan mahaiak jarri dituzte eta bertso bazkaria antolatu dute. Ekitaldi garrantzitsuena Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin ekainean egin zuten jaialdia izan zen. Eurekin jolas egitera 600 lagun inguru bertaratu ziren, «festa borobila» izan zelarik.

Herriari bizia emanez

Urte osoko lanaren ondorioz, 6.000 euro bildu dituzte, eta jolastokia eraikitzeko ideia errealitatetik hurbilago dago. Une honetan aurrekontuak begiratzen ari dira, eta urte amaierarako jolastokia amaiturik egotea espero dute. «Festatxo batekin zabalduko dugu jolastokia, eta horrela, eskerrak emango dizkiogu proiektuan ekarpena egin duen orori», dio Olazarrek. Jolastokiaren kokagunea zehazturik dute pilotalekuaren aldamenean: «Estalpean egingo dugu, egurrezko piezekin, eta lurrak ingurunearekin bat egin dezan, belarrez edo hondarrez egin nahi dugu».

Helburuak bete dituztelako «oso gustura» daude Gaztelun: «gaztetxoek euren jolastokia izango dute, eta dagoeneko irrikaz daude, eta eurentzat ezezik, guraso nahiz herritarrentzat, eta kanpotik datozenentzat elkargune izango da», esan du Eider Olazarrek. Era berean, «oso pozik» daude jolastokiaren aitzakian herrian sortu den mugimenduarekin: «Gurasoak elkartu eta elkarrekin ekintzak sortu ditugu, eta mugimendu honek segitzea espero dugu, horrela herriak bizia izaten jarraituko baitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!