Begirada bereganatzen duen erakusketa koloretsua jarri dute Alegian

Ataria 2013ko irailaren 5a

Alegiako Erretirodunen taberna eskualdeko erreferente bilakatu da arte munduan. Erakusketak hilero-hilero jartzen dituzte, hutsik egin gabe, eta irailekoak benetan atentzioa deitzen du. Tabernara sartu orduko, Javier Gallardoren artelanen kolore deigarriek begirada segidan eureganatzen dute. Haratago joaten denak, marrazki eder eta ausartez gozatzeko aukera izango du. Javier Gallardo artista bat da, eta bere lanak, oraindik, poltsiko batzuetara egokitzeko moduan daude.

1962. urtean jaio zen Javier Gallardo Gasteizen. Ondoren Donostiara joan zen bizitzera, eta Gipuzkoako hiriburuan 40 urte daramatza. Gallardo marrazten haurra zela hasi zen, eta ez zen atzera geratzen zen horietakoa, hau da, ongi moldatzen zen: «Txikitatik gustatu izan zait marraztea, eta eskolan nota oso onak ateratzen nituen. Dena, ordea, hor gelditu zen, ez nintzen inoiz pintatzera iritsi». Bizitzaren gorabeherek eman zioten urrats hori egiteko tartea: «Duela 10 urte inguru, neure burua entretenitu beharra tokatu zitzaidan, eta ikasten hasi nintzen, pintura ikastaroetan eta abar. Orduan hasi nintzen koadroak egiten. Gauza batekin hasten naizenean, buru belarri hasten naiz, eta horrela jarraitu nuen duela bi urte arte». Familia kontuak medio, azken denboran ez du ezer marraztu, baina bizitzaren fase hori amaitu dela onartu du Gallardok: «Duela ez asko Tolosan jarri nuen erakusketa bat, eta dirudienez, jendeari gustatu egin zitzaion, lan batzuk saldu baitziren. Alegiatik orduan deitu zidaten, erakusketan interesa zutela esanaz. Hori ikusita, berriro pintatzen hastea erabaki dut».

Tartean, Nahikari Otaegi euskal preso donostiarra aipatu behar da. Otaegi zazpi hilabeteko haurrarekin eraman zuten espetxera uda aurretik. Donostiarrari elkartasuna agertzeko erakusketa moduko bat antolatzen ari dira Gipuzkoako hiriburuan, eta Gallardori ea parte hartu nahi zuen galdetu zioten. Donostian bizi den artistak bere ekarpena egitea erabaki zuen, eta ekimenari koadro bat oparitu zion.

Hiru gai nagusi, eta kolorea

Javier Gallardok hiru gai nagusi ditu: musika, emakumea eta batez ere, paisaia urbanoa. Espresionismo ukitua galdu gabe, koloreekin jolastea gustatzen zaio gasteiztarrari: «Asko gustatzen zait koloreekin esperimentatzea. Batzuetan oso modu deigarrian erabiltzen ditut, bizi-biziak, eta bestetan, goibel ukituarekin. Paisaia urbanoak modu horretan pintatzeko aukera bikaina eskaintzen du, eta kontraesan horiek bilatzen ditut gai horrekin». Bere bizi filosofia ere ez dabil paisaia horietatik oso urruti: «Bizitza koloretsua da, eta positiboa naiz».

Beste bi gai nagusiei dagokienez, Gallardok zera onartzen du: «Gai nagusiarekin asetzen naizenean, musikara eta feminismora ihes egiten dut, eta hor, garaian garaikoa ateratzen da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!