Hego Tirolera (Italia) bidean dira une honetan Europako Sega Txapelketan Euskal Herriko selekzioarekin parte hartuko duten segalariak. Guztira hamabost dira, tartean eskualdeko sei. Hain zuzen, Alazne Etxaburua zizurkildarra, Alaitz Imaz hernialdetarra, Ainara Otamendi eta Garazi Ezeiza ibartarrak, Oier Urkola anoetarra eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra.
Gaur abiatu dira autobusez Toblach herriruntz. Bihartik igandera bitarte, Europako segalari hoberenak izango dira nor baino nor txapela eramateko lehian. Euskaldunez gain, Hego Tirolgo, Suitzako, Austriako, Alemaniako eta Esloveniako selekzioek hartuko dute parte txapelketan, beste batzuetan gehiago ere izan diren arren.
Euskal Herriko betiko segarekiko ezberdintasunak topatuko dituzte bertan. «Hemengo sega kilotan egiten da, eta lan luzeak izaten dira normalean, orduerditik ordubetera bitartekoak. Hango lana, berriz, azkarra izaten da. Gizonezkoek 100m2 eta emakumeek 35 m2 ebaki beharko dituzte», adierazi du Garikoitz Llobregat, taldearekin batera bidaiatu duen sega epaile altzotarrak.
Hori dela eta, sega mota ere aldatu behar izan dute. Jexux Mari Goenagak adierazi duenez, lehen bakarra erabiltzen zuten, kilotan ebakitzeko eta lan luzeetarako aproposa zena: kirten motza, aho itxia eta orpo zabala zuena. Aldiz, Alemania eta Suitzan gehiago erabiltzen den sega mota bat erabiliko dute oraingoan, arinagoa eta aho irekiagoa duena.
Helburua, irabaztea
Aldaketak aldaketa, helburua beti bera dela aitortu du Llobregatek: «Irabaztea. Zortea ere kontuan hartu behar da, baina talde polita daramagu. Etxaburua eta Imazek aukerak dituzte irabazteko, eta dominaren bat lortu edo lehen hamarretan bi edo hiru segalari sailkatzea da gure helburua».
Euskaldunak ez doaz bakarrik, izan ere, Alegiako dantza taldeak ere eurekin bidaiatu du. «Euskal kultura hedatzea ere bada gure helburua, eta horregatik dantzak eta herri kirol erakustaldiak eskainiko ditugu».
2015eko Europako Sega Txapelketa Azpeitira ekarriko dute
Bi urtez behin jokatu ohi da Europako Sega Txapelketa. Aurten, Hego Tirolen izango da, Toblach herrian. Baina jakina da hemendik bi urtera zein lekutan jokatuko den txapelketa nagusi hau: Azpeitian, Loiolan, hain zuzen. Almitza elkarteak, kirol hau hedatzeko lanean, «esfortzu handia» egin du Europako hoberenak Euskal Herrira gerturatzeko, eta «antolakuntza eta kirol mailan erronka polita» dela adierazi dute. «Ea zerbait txukuna egiteko gai garen» adierazi du Jexux Mari Goenagak.
Partaideak
Alazne Etxaburua (Zizurkil), Alaitz Imaz (Hernialde), Ainara Otamendi (Ibarra), Garazi Ezeiza (Ibarra), Irati Astondoa, Arkaitz Arteaga (Baliarrain), Oier Urkola (Anoeta), Igor Esnaola, Jexux Mari Goenaga, Bixente Mitxelena, Mikel Garaialde, Julen Gabirondo, Eneko Sein, Suar Irazustabarrena, Aimar Garmendia eta Garikoitz Llobregat (Epailea).