Abuztua joan da, eta berarekin, eskualdeko herrietako jai gehienak amaitu dira. Iraileko lehen asteburu osoak, ordea, aurreko hileko egunen tankera dauka. Guztira sei lekutan ospatuko dira jaiak Ama Birjinaren eta Arantzazuko Amaren aitzakian: Alkizan, Bedaion, Elduainen, Izaskun auzoan, Lizartzan eta Zizurkilen.
Alkizan bihar hasiko dira jaiak, 17:00etan haur jolasekin. Igandera bitarte ekitaldi ugari antolatu ditu jai batzordeak, herritarren parte hartze handiarekin. Lehen egunean Gipuzkoako federazioaren laguntzaz antolatu duten ikuskizuna azpimarratu behar da. Hegazti harrapariak bertatik bertara ikusi nahi dituenak, Alkizan izango du horretarako aukera.
Elduainen jaiak ostiralean hasiko dira, igandean amaitzeko. Hiru egunetan zehar haur, gazte nahiz helduek zer ikusia eta zer gozatua izango dute. Lehen egunean, ohitura bilakatzen ari den antzerki emanaldia egongo da, herriko gaztetxoen eskutik. Ondoren, patata tortilla eta musika egongo dira. Jaiari agur, aldiz, Gorritiren animaliekin emango diote aurtengoan.
Lizartzan ere hiru eguneko egitaraua antolatu dute herriko jaietarako. Ekitaldiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu dute, eta Karla Murgialdairen lana izan da saria irabazi duena. Bertan mezu bat irakur daiteke: Etorri nahi?
Tolosan bi auzotan ospatuko dituzte jaiak asteburuan: Bedaion eta Izaskunen. Herri izaera duen auzoan, txupinazoa ostiralean botako dute. Mahaiaren inguruan ospatuko dituzte lehen ekitaldiak, eta zahagi ardoaren ondoren, Elustondo anai-arrebek jarriko dute erromerirako osagai nagusia: trikitia. Bedaioko jaietan, ordea, zerbait nabarmendu beharko balitz, hori Aimar Irigoien harri-jasotzailearen erronka da. Errezildarra marka egiten saiatuko da igandean, 150 kiloko Manterola harri zilindriko zaharrarekin. Irigoienekin batera bi aizkolari egongo dira bertan, herri kirol jaialdia osatzen: Joseba Otaegi eta Unai Otaño.
Izaskun auzoko jaiak Sputnik 13 bilduma aurkezteko probestuko dute. Tolosako lau musika talderen lanak daude bertan, hain zuzen ere, guztira zortzi abesti. Jaien lehen egunean, gauerdian, Atila y los Unos, Barrua Truk, Broken Faces eta Wainot taldeak igoko dira oholtza gainera Sputnik 13 aurkeztera. Aurrez urtetik urtera gora doan danborradarekin gozatzeko aukera egongo da.
Zizurkiletik oharra
Zizurkilgo Jaiak bost eguneko iraupena izango dute, bihar hasi eta astelehenean amaituko baitira. Azken urteetan bezala, jaiak kirola eginez hasiko dituzte zizurkildarrek eta bertara gerturatzen direnek. Aurten, kros mistoaren VI. edizioa jokatuko da. Txupinazoa 19:30ak pasata botako dute, eta jai batzordetik txanpaina emateko eskatu die herritarrei. Horrekin batera, hilaren 9ko futbolin txapelketako izen ematea, ordu erdi lehenago zabalduko dela gogoratu dute. Melokotoiaren hiletari dagokionez, apropos jantzita joatea eskatu dute. Azkenik, hondakinen bilketaren inguruan, egutegia bera izango den arren, ordutegian aldaketak egongo dira, goizez izango baita, 09:00etatik 11:00etara. Bilketa 11:00etatik aurrera egingo da.
Zizurkil
Hondakinen bilketan aldaketak jaietan
IRAILAK 6, OSTIRALA
09:00-11:00. Organikoa.
IRAILAK 7, LARUNBATA
09:00-11:00. Errefuxa.
IRAILAK 8, IGANDEA
09:00-11:00. Organikoa.
IRAILAK 9, ASTELEHENA
09:00-11:00. Ontzi arinak.
EGUNERO
09:00-11:00. Konpresak eta pixoihalak.