Ingalaterratik barrena zabaldu du bere lana Oinkari dantza taldeak

Ataria 2013ko irailaren 4a

Oinkari dantza taldeak Ingalaterra zeharkatu du euskal dantzak bertakoei zabalduz. Abuztuaren 6an 47 lagun abiatu ziren autobusez irlara, eta 20ra bitartean hainbat emanaldi eskaini dituzte.

Lehen helmuga Londres izan zen. Ingalaterrako hiriburuko Oxford House etxean Ari du ikuskizuna eskaini zuten, eta handik, iparralderantz abiatu ziren Billingham hiriko International Folklore Festival delakoan parte hartzeko asmoz.

35.000 biztanle inguruko hiri honetan, Mexiko, Ukraina, Mazedonia, Peru, Taiwan, Kanada eta AEBetako dantza taldeak batu ziren egunero dantza ikuskizun ezberdinak eskaini eta euren herrialdeetako kulturaren berri eman eta gainontzekoekin elkarbanatzeko. Lehen egunean festibaleko partaide guztien desfilea egin zuten, eta billabonatarrak trikitia eta panderoaren doinuekin egin zuten kalejira.

Gauetan, berriz, lo egiten zuten aterpetxean talde parte-hartzaileetako bakoitzak festa bat antolatzen zuen, gainontzekoek beren dantzak ikasteko. Euskaldunek, esaterako, aulki jokoa egin zuten eta irabazleari sagardo botila bat eman zioten sari gisa. Dantzariek bizitako esperientzia «aberasgarria» izan dela nabarmendu dute.

Dantza bai, turismoa ere bai

Dantza egiteaz gain, hainbat leku bisitatzeko ere aukera izan dute Oinkariko partaideek. Manchesterren izan ziren, eta bestek beste, datorren urrian Realak jokatuko duen Old Trafford futbol zelaia bisitatu zuten. Londresera ere itzuli ziren Tower Bridge, Big Ben erlojua edota Buckingham Palace ikusteko. Eguraldi ona aprobetxatuz, hondartza egunez ere disfrutatzeko aukera izan zuten Frantzia iparraldean.

Emanaldi gehiago irailean

Oinkarik dantza eta bidaia uztartuz jarraituko du, eta larunbat honetan, Belgikako Bilzen herrian izango dira Korrontzi talde bizkaitarrarekin batera Infernuko hauspoa ikuskizuna eskaintzeko. Datorren larunbatean, berriz, hilaren 14an, Ermuan izango dira.

Hona hemen bidaiaren kronika eginez Oinkarik egindako bideoak:

http://www.youtube.com/watch?v=a7q-oP_4WnU

http://www.youtube.com/watch?v=N28cAJej7jw

http://www.youtube.com/watch?v=wsLUd1wFhJg

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!