Aranalderen aurkako euroagindua salatzeko manifestaziora deitu dute

Ataria 2013ko irailaren 4a

Jokin Aranalde atxilotu ostean Ibarran egin zuten elkarretaratzea.

Jokin Aranalde iheslariaren kontrako euroagindu eskaeraren

inguruko erabakia iragan uztailaren 16an eman behar zuen jakitera Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak, baina bi hilabetez atzeratu ostean, datorren asteartean, irailaren 10ean, aztertuko dute gazteluarra Espainiaratzeko agindua. Horren aurrean, iheslariaren aurkako euroagindua salatzeko helburuz, kanpaina jarriko du martxan Euroaginduaren aurkako herri mugimenduak, Konponbide garaia da. Euroagindurik ez! lelopean, hainbat ekimen antolatuz.

Hala, bihar euroaginduaren aurkako mozioa aurkeztuko dute Ibarrako udaletxean, etzi, Ibarrako plazako elkartasun gunean barrikotea prestatuko dute, eta datorren asteartean, euroagindu eskaera aztertuko duten egunean bertan, manifestaziora deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

«Konponbideari muzin»

Euroaginduaren aurkako herri mugimenduak gogoratu duenez, «Euskal Herriak denbora luzez gatazka politiko eta armatua bizi izan du, eta azken urteetan eragile ezberdin eta ugariek konponbidean eta bakean sakontzeko ahaleginak biderkatu egin dituzte, Aieteko Adierazpena mugarria izan zelarik». Bestalde, ETAk borroka armatua behin betiko uztea erabaki zuela, Euskal Herria aro berri batean sartuz, baina, gatazkak sortutako ondorioek bere horretan jarraitu dutela azaldu du. Ondorioen artean kokatzen ditu iheslariak herri mugimenduak. Hain zuzen ere, Jokin Aranalde gazteluarraren atxiloketa eta euroagindu eskaera Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak iragan ekainaren 15ean Miarritzen egin zuen ekitaldian kokatzen da. Kolektiboak mintzaide taldeko kide izendatu zuen Aranalde, eta ekitaldian, gatazkaren konponbidean parte aktibo izan nahi dutela adierazi zuten iheslariek.

Bada, ekitaldiaren ondoren, ekainaren 24an, Frantziako Poliziak Jokin Aranalde atxilotu zuen Heletan, Nafarroa Beherean, ezohiko kontrol batean. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, euroagindu eskaera baten ondotik atxilotu zuten, baina, epailearen aurretik igaro ostean, Aranalde aske geratu zen euroagindua tramitatu gabe zegoelako, Espainiako Gobernutik euroagindua indarrean zegoela zabaldu arren. Irailaren 10ean hartuko du Paueko epaitegiak gazteluarraren aurkako euroagindu eskaeraren inguruko erabakia.

Aranalderen atxiloketarekin,  «Espainiako Gobernuak, beste behin, konponbiderako deiari muzin egin dio», herri mugimenduaren ustez. «Hamaika urteren bueltan Iparraldean bizitza publikoa eta bistakoa egiten egon ondoren, Jokin atxilotzeko presio itzela abiarazi zuen. Konponbidean sakontzeko garaiak dira, guztion partetik urratsak norabide horretan ematekoak, eta Jokinen atxiloketa, epaiketa eta estradizio eskaera aurkako norabidean kokatzen ditugu», esan dute.

Hori dela eta, «eraso» honek erantzun «anitza eta zabala» izan behar duela azaldu du herri mugimenduak, eta Tolosako Triangulotik Ibarrako plazara irailaren 10ean burutuko duten manifestazioan, biharko ezohiko bilkuran, etziko barrikotean, nahiz antolatuko diren gainerako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Ekitaldiak

Irailak 5, osteguna

Ezohiko bilkura. Udalbatzaren ezohiko bilkura izango da, 19:30ean. Euroaginduaren aurkako herri mugimenduak mozioa aurkeztuko du.

Irailak 6, ostirala

Barrikotea. Ibarrako plazan, elkartasun gunean, barrikotea egingo dute. 19:30ean zabalduko dute gunea, eta edaria eta saiheskiak egongo dira. Etxetik janaria emateko aukera izango da.

Irailak 10, asteartea

Manifestazioa. Eskualdeko manifestazioa egingo da, Tolosako Triangulotik Ibarrako plazara. 19:30ean abiatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!