Iraila hastearekin batera, eta ohiturari jarraituz hasi da Hernioko erromeria. Aurten, gainera, bost erromeria egun izango dira.
Hernio mendiko gailurrera igo eta gero, Zelatunen biltzen dira mendizaleak bertako festa giroaz gozatzeko. Bertan, hamaiketako ederra egiteko aukera izan ohi da, eta postuekin batera, trikiti doinuek ere ez dute hutsik egiten.
San Joan Txiki egunez ematen zaio hasiera, eta ondorengo igandeetan izaten da erromeria Zelatunen. Gehienek Hernio tontorretik egiten dute itzulia, eta asko eta asko dira tontorrerako bidean dauden burdinazko uztaiekin gorputza zeharkatzen dutenak. Ohiturak dioenez, uztaiek hezurretako gaixotasunak sendatzen dituzte. Hernioko erromeria ezagutzen ez dutenek badute horretarako aukera. Azken igandea izan ohi da jendetsuena.