«Real Unionen nire ilusioa partidak jokatzea izango da»

Ataria 2013ko uztailaren 25a

Azken denboraldian Eibarren aritu ostean, Real Union irundarrean ariko da datorren denboraldian jokalari leitzarra. «Pozik» dago, «ilusioz beteta», minutu ugari jokatzeko esperoan.

Hasi al zara talde berriarekin lanean?

Pasa den asteko ostegunean hasi nintzen talde berriarekin entrenatzen, eta ilusioz beterik nago. Maila hauetan jokalari ia guztiak ezagutzen dugu elkar, beraz, ia guztiak ezagutzen nituen. Gainera, talde euskaldunarekin egin dut topo. Hori bai, oraindik jokalari gehiago falta dira taldea osatzeko.  

Aldaketak eta zailtasunak izan dituen taldea da Real Union.

Entrenatzailea aldatu du, egoera ekonomiko zaila txukuntzea lortu du, aurrekontua murriztu du, bertako jokalariekin osatu du taldea... Horiek lirateke gakoetako batzuk. Bada, talde xumeagoa izango da, beraz, umiltasunez joan beharko dugu.

Zein helburu duzu denboraldi berrirako?

Nire ilusioa partidak jokatzea da, eta horrez gain, ahal dudan egokien egingo dut lan.

Eta taldearena?

Oraindik garaiz da jakiteko, batetik, taldea oraindik osatu gabe dagoelako, eta bestetik gure aurkariak zein izango diren oraindik ez dakigulako. Partidaz partida ikusiko da non egon gaitezkeen.

Eibarrek denboraldi bikaina sinatu du: mailaz igotzea lortu du, eta Errege Kopan ere parte hartze bikaina izan zuen.

Eibarrentzat azken urteetako denboraldirik onena izan da. Pertsonalki, berriz, ez da oso urte ona izan niretzat partida gutxi jokatzeko aukera izan baitut.

Pena sentitzen duzu mailaz igo ez zarelako?

Azken urteetan asko jokatu izan dut beti, eta Eibarren ez dut nire ustez espero eta merezi nuen bezain beste jokatu. Ulertu behar da, hala ere, taldea oso ongi zegoela, eta hor jokatzera sartzea oso zaila zela. Nire aldetik, esan dezaket nire eguneroko maila ona izan dela. Kopako partidak jokatu ahal izan ditut, eta goi mailako taldeen kontra aritzeko aukera izan dut. Hori esperientzia ikaragarria izan da. Eibarren iaz zeuden jokalarien erdiak baino gehiagok ez dute jarraituko. Bigarren A mailan ez jokatzeko arantza geratzen dela egia da, baina, duela lau denboraldi Nastic taldearekin nengoela maila horretan lehiatzeko aukera ere izan nuen, beraz, arantza ez da hainbestekoa nire kasuan.

Eibarren jokatzeko etxera itzuli zinen, eta orain ere etxean segiko duzu. Gustura, ezta?

Pozik nago, etxean egotea plus bat baita. Hori bai, dagoeneko 29 urte ditut, beraz, irekia nengoen kanpora jokatzera joateko ere. Etxetik gertuen dagoen Bigarren B mailako taldea egokitu zait, eta ezin naiz kexatu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!