Belkoain mendian 1936ko gerrako aztarnak ari dira berreskuratzen

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 25a, 10:09

Adunako Udala Belkoain mendian dauden 1936ko gerrako aztarnak berreskuratu eta «dagokien balioa» ematen ari da. 1936. urtean, tropa frankistak geldiarazteko helburuarekin Belkoain mendia erresistentzia gune bilakatu zen, eta horregatik, bertan, beste gauzen artean, harrizko lubaki ikusgarriak eraiki zituzten. Hain zuzen ere, lubaki eta bestelako aztarna horiek dira udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin errekuperatu nahi dituenak, ondoren, herriari ezagutarazteko.

Berreskurapen lan horietan dabiltza Eusko Jaurlaritzak antolatu eta Aranzadi zientzia elkarteak zuzendutako auzolandegiko partaideak. Euskal Herriko nahiz atzerritik etorritako 20 gazte ari dira indusketa lanak egiten, iragan asteko asteazkenaz geroztik, eta uztailaren 30era bitarte jardungo dute lan horretan.

Lubakien berreskurapenetik harago doa, baina, Adunako Udalaren proiektua. Izan ere, Adunan 1936ko gerrako garaian emandako gertakariak azaleratzeko

helburua du udalak, eta bide horretan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du. Dokumentazio historikoa, seinaleztapena, eskuorriak, ibilbideak, hitzaldiak edota argitalpenak gauzatu asmo dituzte.

Proiektuaren inguruan mintzatu dira berriki indusketa lanak egiten ari diren Belkoain mendiko zonaldean, Aduna, Andoain, Zizurkil, Alegia eta Belauntzako udal ordezkariak, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria, Aranzadiko kideekin batera bertan zirelarik.

Berreskuratzearen garrantzia

Oso denbora gutxian eginiko lubakiak direla nabarmendu du Josu Amilibia Adunako alkateak: «Bailaran gisa honetako defentsa lerro ugari daude, beraz, hainbat kilometroko luzera duen horma egin zutela kontuan izanda, ehunka lagun egon zirela lanean pentsatzekoa da». Era berean, Adunako alkateak proiektua bultzatzeko izan duten erakundeen babesa eskertu du.

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak azaldu duenez, hainbat auzolandegi antolatzen dituzte, eta horietako bi izaten dira memoria historikoaren berreskurapena helburu dutenak: «Gure gudariak oroitu behar ditugu, izan ere, 77 urte atzera egiten badugu, konturatu ginateke sufrimendu handia jasan zutela, eta beraiek egin zutenari esker gaude gaur egun gauden moduan. Bestalde, auzolandegietan parte hartzen duten gazteek eginiko lana eskertu du Redondok.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere eskertu egin du gazteen lana, udalena eta Aranzadirenarekin batera: «Lan hau guretzat oso garrantzitsua da, memoria berreskuratzeko ahalbide guztiak jarri behar ditugu, eta azkenean etorkizun baketsua nahi baldin badugu, jakin egin behar dugu zer gertatu zen herri honetan, berriro errepikatu ez dadin».

Deshobiratzeak Amasako hilerrian

Amasako hilerrian deshobiratze lanak egiten aritu ziren atzo Pako Etxeberria buru zutela Aranzadiko kideak. Aritza kultur elkarteak egindako ikerketa lanei esker, fusilatutako herritar batzuk bertan hobiratu zirela dioten aztarnak daude. Jose Agustin Garmendia Landa, Jose Antonio Garmendia Urkola eta Cruz Iribarren, Amasa-Villabonatarrak hirurak, eta identifikatu gabeko laugarren bat lirateke Aritza kultur elkarteak bildutako informazioaren arabera hobiratuak, eta euren aztarnen bila aritu dira. Indusketa lanetan hezurrak topatu dituzte, eta  «oraindik emaitzak izateko goiz den arren», Etxeberriak esan du aurkitutako hezurrak bila zebiltzan horienak diruditela. hitza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!