Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak eskualdeko mendi ibilbideak biltzen dituen mapa berria aurkeztu du. Guztira 27 ibilbide daude seinalatuta bertan, zehazki SLak eta PRak, eta Larraitzetik Abaltzisketara doan bide irisgarria. Tolosaldeko ibilbideen proiektua martxan jarri zenean baino kopuru txikiagoa da. Izan ere, Gipuzkoako Mendi Federazioak egindako gainbegiraketaren ondorioz, ibilbide horietako batzuk deshomologatu ditu, ez daudelako behar bezala mantenduta.
Eskualdeko ibilbideekin batera, beste zenbait informazio ere eskuragarri du euskarri berriak. Hala, Aralar Parke Naturaleko mendi ibilbide sarea dago, baita Done Jakueren bi bideak, bidegorriak, Plazaolako Bide Berdea, eta Natura 2000 sareko eremuak. Maparen hamar mila ale argitaratu dituzte, eta doan eskuratu daitezke Tolosaldea Tourren Tolosako bulegoan eta Larraitzeko Txindokiko Itzalaren turismo informazio gunean. Bestalde, Tolosako poster bat eta postal bat argitaratu dituzte eta salgai daude puntu horietan. Tolosaldea Garatzenetik azaldu dutenez, maparekin natura turismoari bultzada berri bat ematea espero dute.
Joxe Luis Urdangarin Tolosaldea Garatzen garapen agentziako kudeatzaileak azaldu duenez, «Guretzako baliabide interesgarria da, berria ez izan arren. Tolosaldean turismoaz ari garenean, askotan egin dugu apustu turismo aktiboaren inguruan, naturarekin lotura duenak». Urdangarinek gaineratu duenez, «eskualdean hainbatek ezagutzen dituen baliabide horiek ahal den eskuragarriena jarri nahi dugu bisitatzera etortzen direnentzat».
14 urteko bidea
Ibilbideak biltzearen proiektuaren lehen urratsak 1999an Tolosaldea Garatzenek eta Tolomendik eman zituzten. Eskualdeko udal guztiekin bilerak egin zituzten mendi ibilaldietarako zaletasuna zuen jendearekin eta mendi elkarteekin, homologatzeko moduak ziren ibilbideen zerrenda bat egiteko helburuarekin. 17 ibilbideetan seinaleak ipini zituzten. Gero etorri ziren Erniozaleak elkarteak Ernio mendiaren inguruan diseinatutako bideak. Hirugarren fasean, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak zortzi ibilbide bultzatu zituen. Sarean azkenak txertatu zirenak Baliarraingo ibilbidea eta Zizurkilen diseinatutakoak. Ibilbideen fitxa bana egin zen eta liburuxka ere argitaratu zuen Tolosaldea Garatzenek.
Ibilbide guzti horietatik, esan bezala, egun 26 homologatu ditu Gipuzkoako Mendi federazioak, eta horiek daude deskribatuta mapan. Olatz Illarregi Turismo saileko arduradunak azaldu duenez, «turismo azoketara joaten garenean mendi ibilbideena da beti eskatzen den materiala. Bere garaian egin genuen apustua gps bidez deskargatzeko, Wikiloc-en zintzilikatuta ditugu eta baita ere webgunean, baina hala ere jendeak mendira joaten denean eskuan behar du. Horregatik erabaki genuen mapa ateratzea».
Turismo eskaintza
Lehengo urtean martxan jarritako esperientzia gastronomikoen tailerrak ere abian daude aurtengo udan. Gorrotxategi, tradizio goxoa eta Sukaltalkako tailerrak eskainiko dira. Abuztura begira indartu egin dituzte bisita gidatuen zerbitzuak, egunero egin ahal izango baitira. Hala, lau bisita gidatu egin ahalko dira egunero, horietatik bi Gorrotxategi Museora eta beste biak Tolosako Alde Zaharrean zehar.
Turisten bisitei dagokionez, Illarregik gogora ekarri du lehenengo sei hilabeteko datuak «nahiko onak» izan direla: «Tolosako bulegoan berdintsu mantendu da bisita kopurua eta Larraitzeko informazio puntuan zertxobait igo da. Harrigarria da egin zuen eguraldi kaxkarrarekin, baina jende dezente joan zen Larraitzera».
Udako eskaintza
Esperientzia gastronomikoak
Gorrotxategi, tradizio goxoa. Uztailak 27, abuztuak 31 eta irailak 28.
Tolosa Gourmet, zu zeu chef onena. Abuztuak 3 eta irailak 7.
Bisita gidatuak
Igandetik ostiralera
11:30. Gorrotxategi Museora bisita gidatua.
12:30. Tolosako Alde Zaharra.
17:00. Gorrotxategi Museora bisita gidatua.
18:00. Tolosako Alde Zaharra.
Larunbatetan
11:00. Gorrotxategi Museora bisita gidatua.
12:00. Tolosako Alde Zaharra.
16:00. Gorrotxategi Museora bisita gidatua.
17:00. Tolosako Alde Zaharra.