Kolore urdin eta berdeko santioak

Ataria 2013ko uztailaren 25a

Lehertu da festa Villabonan. Hasi dira aurtengo Santio jaiak. Billabona kirol elkarteko gaztetxoek jaurtitako txupinazoarekin eman zaie hasiera festei, eta ekintzez jositako beste zazpi egun geratzen dira aurretik.

Taldearen kolore urdin eta berdeak izan ziren nagusi atzokoan. Futbol eskolako ehundik gora umek kalejira erraldoi bat egin zuten, klubeko banderak astinduz.

Bien bitartean, plaza jendez betetzen hasia zen, jaiak noiz hasiko irrikitan. Arratsaldeko seiretan, txupinazoaren eztandarekin batera lehertu zen festa. Billabona Kirol elkarteak 150 globo eta baloiak banatu zituen, eta Iraunkorrak txarangak alaitu zuen jaigiro koloretsua.

Iluntzean, jende andana bildu zen futbito txapelketako finala bertatik jarraitzeko. Rainbow eta Hausbi taldeak izan ziren nor baino nor, eta partida ikustera gerturatutakoek giro bikaina ezarri zuten plazan. Partidaren ondoren, herri afaria egin zuten, eta gauean danbor hotsek hartu zituzten Villabonako kaleak.

Gaur, kirola eta dantza

Gaur Santio eguna ospatuko dute amasa-billabonatarrek. Kirol eta dantza emanaldiez jositako eguna izango da, izan ere goizetik hasita, hainbat kirol ekintza izango dira, eta arratsaldean zein gauean dantza emanaldiak eskainiko ditu Oinkari Dantza Taldeak.

Zunbeltz elkarteak 33. aldiz antolatu duen Herri Krosak ehunka korrikalari bilduko ditu goizeko 10:30etatik aurrera. Benjaminak izango dira irteten lehenak, eta elkartearen inguruan buelta txiki bat eman beharko dute. Bi itzuli egingo dizkiote alebinek. Infantil eta kadeteek, 2,5 kilometroko ibilbide nagusiari buelta bat emango diote. Juniorrek, bi bira egin beharko dituzte, eta proba nagusian parte hartzen dutenek, berriz, hiru, guztira 7,5 kilometroko bidea eginez.

Gaztetxoek kirolaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute arratsaldean, izan ere, Bearzana pilotalekuan kirolgune bat ezarriko dute. Ping-ponga, baseball-a eta zapatila jaurtiketa txapelketak jokatuko dituzte. 20:00etan, berriz, leku berean, bertso pilota emanaldia izango da Jexux Mari Irazu eta Beñat Iguaran bertsolariekin; eta Iñaki Lizaso, Antton Aranburu, Iker Urmeneta eta Julen Urruzola pilotariekin.

Dantzak ere izango du bere tartea. Arratsaldeko seietan, soka dantza egingo da Malkar plazan. Eta 22:00etan, Olaederra kiroldegian Oinkari Dantza Eskolako txikienek emanaldi berri bat estreinatuko dute, Poxpolo eta Konpainia pailazoekin elkarlanean egin dena. Guztira 250 haur inguruk hartuko dute parte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!