Carlos Peña 24 orduz ariko da igerian Allotzko urtegian

Ataria 2013ko uztailaren 24a

Carlos Peñak beste erronka bat ezarri dio bere buruari, izan ere, asteburu honetan 24 orduz egingo du igerian Allotz (Nafarroa) urtegian. Desafio horren helburu nagusiak gaixotasun arraroak dituzten pertsonak lagundu eta hauekiko sentsibilizazioa zabaltzea dira.

Gernak, gaixotasun arraro eta ez komunek kaltetutako Nafarroako elkarteak, antolatutako ekimena da asteburukoa. Horrela, igerilari tolosarrak igerian egiten duen minutu bakoitzeko euro bat –guztira 1.440 euro– emango zaio aipatutako elkarteari. Gernak gaixoak lagundu eta euren bizitzak errazteko egiten du lan duela urtebetetik, eta dagoeneko  70 bazkide ditu.

Igeri bakarrik ez

Peña larunbateko 12:00etan hasiko da igerian, eta igandean amaituko du, ordu berean. Baina nahi duen orok ere parte hartzeko aukera izango du, izan ere, antolatzaileek ahalik eta jende gehien hurbiltzea dute helburu.

Horregatik, ibilbide alternatibo bat irekiko da erreleboak eman nahi dituzten horientzat. Horrez gain, kirol ekintzak (piragua, gimnasia...), tailerrak, kontzertuak eta dantzak antolatu dituzte. Lagunak igeriketa taldeak ere ikuskizuna eskainiko du.

Kontzientzia bila

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaixotasun arraroak 10.000 pertsonako 5 kasu edo gutxiago izaten direnak dira. Guztira, 7.000 eta 8.000 gaixotasun ezberdin daudela kalkulatzen du OMEk, eta mendikuntzako aurrerapenei esker geroz eta informazio gehiago eskuratzen ari dira hauen inguruan.

Mundu osoko populazioaren %6 eta %8ari eragiten die gaixotasun hauek. EAE eta Nafarroan 70.000 kasu daude. «Edonori gerta dakioke», diote ekimen honen antolatzaileek.

Gaixotasun hauek, kasu gehienetan, kronikoak eta endekapenezkoak dira, eta kasu erdietan heriotza eragiten dute: %35 urte bakarrean, %10 urte bat eta bost urte bitartean; eta %15 bost eta hamabost urte artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!