Duela bi urte jaio zen Sputnik izeneko egitasmoa, artean diskorik grabatu gabeko Tolosako musika taldeak ezagutzera eman, eta estudioan trebatzeko. Sputnik 11 izena hartu zuen, Bonberenea Ekintzak zigilupean argitaraturiko lehen lan hark, eta bi urte geroago iritsi da Sputnik 13, beste lau talde eta zortzi abestirekin. Sormen lan honi bultzada eman dion etxean, Bonberenean, eskaini zuten taldeek lehen emanaldia pasa den ostiralean, eta irailean Izaskun auzoko jaietako oholtza izango da, Sputnik 13ren aurkezpenerako plaza.
Herriko musikarien lana aurkeztearekin batera, ordea, eta urteroko moduan, Izaskun auzoko festa batzordeak uztaila aprobetxatu du, iraila hasieran ospatuko dituzten jaiak jendartera zabaltzeko. Horrela, irailaren 6tik 8ra bitarte izango dira aurtengo festak, eta besteak beste, Tolosako auzoen arteko olinpiadak aurkeztu dituzte berrikuntza moduan.
Jaien hasiera jada tradizio bilakatu den txupinazo eta trikipoteoarekin iragarriko dute antolatzaileek: «Ostiral arratsaldean izango da, eta ondoren danborrada egingo dugu. Urtez urte arrakasta hartu duen jarduera da, eta baita gure ekitaldirik kuttunenetakoa ere», azaldu dute antolatzaileek, Otsabi auzo elkartean egindako agerraldian.
Aipatzekoa da, danborradako kideen afarian eta danborradan bertan izena emateko aukerarik badela jada, Arsenal nahiz Izaskun elkarteetan, eta Denak tabernan.
Bonberenea Txarangaren doinu eta danbor hotsen ondoren, Tolosako musika taldeen txanda izango da, hain zuzen, Sputnik 13 bildumako kideen emanaldiarekin.
2011. urteko Sputnik alean bezalaxe, nolabait Izaskun auzoko ikur diren Sputnik eraikinen izena eta irudia hartu du aurtengo diskoak ere. Atila y Los Unos, Barrua Truk, Broken Faces eta Wainot taldeen doinuak entzun ahal izango dira, eta Barrua Truk taldeko Elene Arandiak nabarmendu duenez, «aniztasuna nabaria da Sputnik 13n, bai musika estiloei dagokienez, eta baita musikarien belaunaldiei dagokienez ere».
Izan ere, rock’ n roll doinuekin hasi, eta salsa, ska, Oi! nahiz bestelako generoak elkartu dituzte musikariek, Mikel Zelaiaren soinu eta nahasketa lanen laguntzaz.
Izaskun, oholtza garrantzitsu
Izaskun auzoko antolatzaileek herriko musikariei ematen diete protagonismoa jaien lehen egunean; larunbatean, ordea, Euskal Herrira nahiz kanpora begira jarri, eta goi mailako hiru taldek hartuko dute Sputnik plazako eszenatokia.
23:00etan hasita, Urnietako Cohen taldea ariko da lehenik, eta jarraian Jerez de la Fronterako Gas Drummers eta Alacanteko Dinero izango dira oholtzan. Musikazale askoren arreta piztuko duten emanaldiak izango dira, eta antolatzaileek plaza betetzea espero dute.
Jaien azkeneko eguna, berriz, auzoko nahiz herriko gaztetxoenei eskaini diete aurten: «Festak ahalik eta jende gehienari hurbiltzea da gure nahia, eta horregatik, aurten ere garrantzia berezia eman diogu igandeari. Iazko egitarauaren ildo bera jarraituz, aurten ere etxeko txikienek protagonismo nabarmena izango dute», azaldu dute.
Honez gain, igandeko eguerdiko patata tortila lehiaketa arrakastatsua ere izango da aurten, parte hartu nahi duenarentzat.
Izaskun auzoko jaiak
Irailak 6, ostirala
18:00. Txupinazoa eta txokolate jatea Sputnik plazan. Ondoren, buruhandiak ibiliko dira.
19:30. Trikipoteoa Albizturtarren eskutik, txosnetatik hasita. Auzoko tabernetan barrena ibiliko dira.
20:30. Danborradako afaria.
22:45. Danborrada auzoan barrena, Bonberenea Txarangarekin.
00:00. Sputnik 13 bildumaren aurkezpen kontzertua: Atila y lo Unos, Barrua Truk, Broken Faces eta Wainot ariko dira taula gainean.
Irailak 7, Larunbata
11:00. Haur jolasak.
12:00. Herriko auzoen arteko olinpiada-desafioa, Zabalarreta parkean.
14:00. Auzo bazkaria txarangarekin, Izaskun plazan.
19:00. Sagardo dastatzea eta pintxoak Izaskun plazan.
21:00. Zahagi ardoa Izaskun plazan. Norberak etxetik ekarri beharko ditu jakiak.
23:00. Kontzertuak Sputnik plazan: Cohen (Urnieta), Gas Drummers (Jerez de la Frontera, Andaluzia) eta Dinero (Alacant, Herrialde Katalanak).
Irailak 8, igandea
09:00. Diana Tolosako Udal Txistulari bandaren eskutik.
12:00. Toka txapelketa: emakumezkoak, gizonezkoak eta haurrak.
13:00. Tortila txapelketa. Etxetik prestatuta eraman beharko dira tortilak, epaimahaiak dasta ditzan.
14:00. Zahagi ardoa Izaskun plazan. Lehiaketako tortilekin eta norberak etxetik eramandako jakiekin egingo dute bazkari legea.
16:30. Shandu Teatro taldearen Kataklown antzezlana, eta Jon Magik magoaren emanaldia Sputnik plazan.
17:00. 2013. urteko Izaskun auzoko mus txapelketa egingo dute jaiak amaitzeko, Izaskun plazan.