Tolosaldeko 252 pilotari aritu dira, aurtengo HITZA txapelketan

Ataria 2013ko uztailaren 23a

Pasa den larunbatean Bidegoianen jokatu zituzten maila guztietako finalak, eta frontoia bete egin zen

Tolosaldeko gaztetxoen artean kirola, eta bereziki pilota zabaltzeko helburua du, besteak beste, HITZA pilota txapelketak; jomugak bete dituztela esanez, gustura dago Luis Galarraga antolatzailea, aurten Tolosaldeko 252 pilotari aritu baitira txapelketan.

Pasa den larunbatean jokatu zituzten maila guztietako finalak, Bidegoiango frontoian, eta kantxako ikuskizunaz gozatzeko, bete egin zen frontoia.

Guztira bost mailatako finalak jokatu zituzten, eta benjamin B mailan txapeldunak Orexako Arrillaga anaiak izan ziren, Belauntzaran eta Tello larrauldarrei 16-5 irabaziz. Benjamin A mailan, berriz, Labaien eta Gartziarena berastegiarrek 16-4 irabazi zuten Ugartemendia zizurkildarraren eta Muñoa adunarraren aurka.

Alebinetan, Zubeldia eta Olano altzotarrak izan ziren txapeldunak, Altuna eta Lopetegi tolosarrei 16-4 irabaziz. Maila bat goragoko finaletan, infantiletan, txapeldunak Oiarbide alegiarra eta Aizpitarte altzotarra izan ziren, eta 18-11ko emaitzarekin gailendu zitzaizkien, Zubeldia amezketarrari eta Osa urnietarrari. Azkenik, kadeteen mailako finala Aizpuru asteasuarrak irabazi zuen, Santxez ibartarraren aurka, 18-8 ko emaitzarekin.

Aizpuruk denboraldi bikaina

18 eta 8ko emaitzarekin kadeteen mailako txapeldun suertatu zen, larunbatean, Julen Aizpuru asteasuarra. Hasiera batean, partida zailagoa espero zuen, eta lehen lau tantoak Santxez aurkariak egin bazituen ere, segituan hartu zuen mendean partidaren erritmoa.

Buruz buru aritu zen maila bakarra izan zen kadeteena, eta lau t’ erdian jokatu zuten, gainera. Txapeldunak gustura azaldu zuen bere burua, norgehiagoka amaitu eta gero: «Txapelketa osoan barrena ondo aritu da Santxez, eta partida gogorragoa espero nuen, baina gaur oso gustura aritu naiz».

Norgehiagoka 4-0ko markagailuarekin hasi zen, Santxezen alde, baina Aizpuruk lau tantoen ondoren bere jokoari heldu eta partidari buelta eman zion, besteak beste, sakea aprobetxatuz: «Buruz buru, sakea duenak min handia eman diezaioke aurkariari, eta partida hasieran ez naiz ondo aritu; hankak ezin nituen ondo jarri, frontoi hau oso irristakorra baita, eta beraz, errestoa kosta egin zait hasieran. Gero, ordea, sakea berreskuratu dudanean, buelta eman diot jokoari». Horrela, sakea berreskuratuz, pilota atzera botaz eta aurkaria atzean zegoela dejada erabiliz egin zituen Julen Aizpuruk, tanto gehien.

Denboraldi bikaina osatzen ari da asteasuarra, izan ere, HITZA txapelketaz gain, lehenago ere beste bi txapelketa irabazi ditu: «Aurten gustura nabil, bai, eta orain Nafarroan hasiko den beste txapelketa batean ere parte hartuko dugu. Honez gain, Trasernio txapelketako finalerdietara iritsi gara, eta ea zer gertatzen den, partida gogorrak datoz eta».

Herri txikiak pilota biziberrituz

HITZA txapelketako antolatzaile Luis Galarragak balorazio positiboa egin du aurtengo txapelketaren inguruan: «Parte hartu duten taldeetako ia arduradun guztiak finalean izan dira, eta beren iritzia oso ona izan da. Txapelketa hasieran Tolosako mutikoen hutsunea nabaritu zen, baina gainerakoan guztia giro oso onean joan da, eta oso partida orekatu eta politak ikusteko aukera izan dugu».

Materialari dagokionez ere, gustura azaldu da Galarraga: «Aurten asmatu dugula iruditzen zait, pilotariek gustura jokatu dutela ikusi baitugu; partidak pilotan jokatuz irabazi edo galdu dituzte. Hau dela eta, finaletara ere maila oso politeko norgehiagokak iritsi dira. Oro har, niri ikaragarri gustatu zaizkit txapelketako partidak eta markagailuan zenbaitetan tarte handi samarrak izan diren arren, maila polita eman dute guztiek».

Antolakuntzaren lekukoa jende gehiagorengana zabaltzeko gogoa ere azpimarratu du Luis Galarragak: «Datorren urtera begira txapelketa antolatzen jarraitzeak merezi duela uste dut, eta nik antolakuntzaren ardura pixkana-pixkana utzi nahi dudanez, beste batzuk ardura hori hartzen joatea egokiena dela uste dut. Izan ere, ez da ona izaten pertsona batek ardura bera urte askotan bere gain izatea; pertsona horrek antolakuntza uzten duen unean, guztia ezerezean geratzeko arriskua izaten da. Beraz, herri txikietako pilota eskoletako arduradunei eskatuko nieke, ardura hori hartu eta txapelketa hau antolatzen jarraitzea».

Bide honetan, Luis Galarragak herri txikiek pilotari ematen dioten indarra nabarmendu du, eta herri txikiak bizirik-pilota bizirik binomioa hizpide izan du: «Oso ondo lotuta daude herri txiki biziak, eta pilota bizia. Herri txikietako eskoletatik ateratzen diren pilotariekin, Tolosaldeko 252 pilotarik parte hartu dute aurten txapelketan, eta hori oso ona dela iruditzen zait. Gainera, finaleko parte hartzea zabala izan da, eta eskualdeko herri asko hartu ditu».

Azkenik, txapelketaren helbururik behinena bete dutela nabarmendu du: «Azken finean gure helburua gaztetxoek kirola egitea da, eta bereziki pilotan aritzea. Horrez gain, frontoiak betetzea ere gure jomugetako bat da, eta bete dugu. Polita da, beraz, bai jokatzen dutenentzat, eta baita ikustera etortzen direnentzat ere».

Finaleko emaitzak

Benjaminak B

Belauntzaran-Tello    5

Arrillaga-Arrillaga    16

Benjaminak A

Labaien-Gartziarena    16

Ugartemendia-Muñoa    4

Alebinak

Altuna-Lopetegi    4

Zubeldia-Olano    16

Infantilak

Zubeldia-Osa    11

Oiarbide-Aizpitarte    18

Kadeteak

Aizpuru    18

Santxez    8

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!