Giro ederra Santamañan

Ataria 2013ko uztailaren 19a

Tranpazulo ermitaren kanpaiaren ondora igota egoteak iragarri die inguruko herritarrei Santamaña auzoan festetan murgilduta daudela. Santamaña elkarteak, Goiballako bizilagunek eta Asteasuko festa batzordeak antolatzen dituzten jaiak hasi dira, eta igandera bitarte giro polita nagusituko da Asteasuko auzoan.

Herritar ugari gerturatu zen atzo goizean jaien hasierara. Izan ere, goiz pasa polita egiteko aukera bazen. Batetik hamaiketakoa eskaini zuten, eta eguerdian herriko gazteen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen, herri kiroletan aritu baitziren. Horien ostean, mokadutxoa eta tragoa lasai hartuz Peñagarikano eta Irazu bertsotan entzuteko parada ere izan zuten, eta baita trikiti doinuen erritmora dantza egitekoa ere, Izer, Narbaiza eta Lutxurdiorekin. Horien doinuek gaua ere alaitu zuten.

Asteburu betea

Gaur herri afaria egingo dute, eta gauean trikitixa izango da. Bihar, berriz, mus txapelketa eta haur jolasak izango dituzte arratsaldean, eta gauean trikiti doinuak izango dira Santamaña.

Igandea izango da festetako azken eguna, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean txirrindu, aizkora eta harri-jasotze  probak izango dira, Laja eta Mikel trikitilarien doinuek alaiturik. Arratsaldean, ikusmin handia sortuko du bi herritar talderen arteko desafioak, eta gauean Tranpazuloren jaitsierarekin agur esango diete aurtengo Santamañako jaiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!