Irurako jai batzordeak Marrazki Lehiaketa antolatu du San Migel jaietako egitarauaren barruan argitaratzeko. Lehiaketa hiru mailatan banatu dute, eta lanak aurkezteko azken eguna, hilaren 22, astelehena izango da. 14:30ak baino lehen, udaletxeko kultura bulegoan utzi beharko dira.
Iruran erroldatuek parte hartu ahalko dute, eta 2002-2010 urteen artean jaioak izan beharko dute. A maila, txikiak, 2008-2010 urte artean jaiotakoak; B maila, ertainak, 2005 eta 2007 urteen artean jaiotakoak eta C maila, handiak, 2002-2004 urteen artean jaiotakoak.
Gaia Irurako San Migel jaiak izango da, eta ez du testurik agertu behar marrazkietan. Bestalde, DIN A4 tamainako lanak izan beharko dute, eta edozein teknika onartuko da, hau da, collagea, manley, akriliko,... Lanetan ezingo da egilearen daturik azaldu, eta hauek gutun azal itxi batean aurkeztu beharko dira. Lanak udalaren esku geratuko dira eta honek marrazkiak argitaratzeko eta ezagutarazteko eskubidea izango du.
Epaimahaiak hilaren 24an argitaratuko ditu erabakiak Irurako Udalaren web orrian. Maila bakoitzeko sari bakarra izango da, eta saria Anoetako Kuku-Lore dendan erabiltzeko txartela izango da.
Jai batzordearen bilera
Irurako Udaleko jai batzordea hastero elkartzen da herriko jaiak antolatzeko helburuarekin. Hilaren 22an, astelehenean, izango da hurrengoa. 19:00etan udaletxean elkartuko dira. Batzordea irekia da, eta udalak herritarren parte hartzea sustatu nahi du. Horretarako, herritar guztiei gonbidapena luzatzen diete, animatu eta bileretan parte har dezaten eskatuz.
Gainera, batzordetik jakinarazi dutenez, hilaren 8an egindako bileran, jai-batzordeak ondorengo deialdiak egitea erabaki zuen jaien antolaketa ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin: Jaietako egitarauaren liburuxka apaintzeko marrazkiak biltzeko lehiaketa antolatzea; aipatu egitarauaren liburuxka hori diseinatu eta montatzeko maketatzaile lana eskaintzea, eta jaien hasierako suziria botatzeaz arduratzeko ohorea izango duen pertsona edo taldea aukeratzen laguntzeko proposamenak egitea.