Elkartasuna eta kirola uztartuko dituzte Leitzako plazan, etzi. Batetik, lagun talde bat bizikleta estatikoen gainean ariko da pedalei eraginez, eta bestetik, ekitaldian jasotzen duten dirua saharar herriari laguntzeko erabiliko dute. Leitzako Saharar Herriarekiko Elkartasun Taldeak, Leitzako eta Villabonako kiroldegien eta Leitzako Udalaren laguntzarekin, antolaturiko ekimena da, eta herritar orori dago irekia.
Pasa den urteko «arrakasta» ikusita egingo dute aurten ere, II. Ziklo Indoor Bizikleta Topaketa. Izan ere, iazkoak 50 partaide inguru izan zituen antolatzaileen aurreikuspenak betez. Heleni Zabaleta Saharar Herriarekiko Elkartasun Taldeko kideak azaldu duenez, larunbateko ekimena urtean zehar saharar herriaren inguruan antolatzen dituzten ekitaldien barruan sartzen da: «Herrian aisiarekin loturiko ekitaldi bat antolatu nahi izan dugu, sahararren presentzia zabalduz, eta bide batez, dirua lortzeko sahararrei laguntzeko».
16:00etan hasiko dira parte hartzaileak bizikleten gainean, Ruben Caballero, Nerea Gartzia eta Buxy Kortajarena begiraleen aginduteera. 30 minutuko lau saio egingo dituzte orotara, eta parte hartzaileek aukeran izango dute saio bakarrean aritu, bitan hirutan edo lauretan. Ariketa guztiak egin ostean, gainera, indarrak hartzeko aukera izango da, mokadutxoa emango baitute antolatzaileek saioaren bukaeran. Antolatzaileek herritar oro, nahiz inguruko herrietakoak animatu dituzte ekimenean parte hartzera, eta pasa den urteko harrera izango duela uste dute. Jakitun dira, dena den, Atekabeltz gaztetxearen urteurrenarekin bat egiten duela euren ekimenak, eta batzuen zein besteen onerako eragin handirik ez izatea espero dute.
Ekitaldiak urte osoan
Ziklo Indoor Topaketa bigarren urtez egingo dute, baina ez da Leitzako Saharar Herriarekiko Elkartasun Taldeak antolatzen duen ekitaldi bakarra. Urtean zehar hainbat jarduera egin ohi dituzte saharar herriaren egoera leitzarreei gerturatzeko helburuz. Hala, Fronte Polisarioko ordezkari bat izan da aurten Leitzan Mendebaldeko Saharaz mintzatzen, nafar batek sahararren inguruan egin duen dokumentala izan dute ikusgai eta argazki erakusketa ere egin dute, besteak beste.
Horrez gain, Leitzako taldeak haur sahararrak udan familiek etxeetan hartzeko Oporrak Bakean programarekin ere parte hartzen du. Aurten neska bat eta mutiko bat etorri dira Leitzara uda igarotzera. Horietako bat Heleni Zabaletarekin dago, bere 13. urtea delarik haur saharar bat hartzen duena, eta bestea, Arantxa Olaetxearen eta Jabier Barandiaranen etxean dago. Hauen kasuan, azken 5 urteetan hartu dute saharar haur bat eurekin uda igarotzeko. Esperintzia «oso baikorra» dela azaldu dute bi familia hartzaileek.