AHTaren aurka, bizikleta martxa

Ataria 2013ko uztailaren 18a

Mugitu! Mugimenduak, Lurraren alde, mugitu eta eragin! lelopean, AHTaren aurkako bizikleta martxa desobeditzailea antolatu du hilaren 25etik abuztuaren 1era. Altsasun hasi eta Donostian amaituko da, eta astebeteko itzulian Tolosaldea ere zeharkatuko du. Hilaren 28an, igandean, Ikaztegietatik Adunarako bidea egingo dute, Anoetan geldialdia eginez.

Bizikleta martxaren helburua «AHTa salatzea da, oraingoan bereziki lurraren alde mugituz», adierazi dute kideek. Era guztietako ekimenak egingo dira: ekimen desobeditzaileak, bizilagunekin topaketak, batzarrak eta eztabaidak, kale ikuskizunak… Bidean, pedalei eraginez, lurraren defentsan aritzen diren beste hainbat talderekin elkartuko direla argitu dute, eta AHTaz gain beste «proiektu txikitzaileak» salatuko dituzte: «Frackinga, autopista elektrikoak, errauste plantak, Gaintxurizketako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo Superportua... Izan ere, AHTa zein beste hainbat azpiegitura lan handiren eraginez, izugarrizko triskantzak ari gara pairatzen. Lurra babestu beharrean, deusezten ari gara».

Hamaika arrazoi daudela AHTari ezezkoa esateko esan dute. «Krisi ekonomikoa dugu. Hego Euskal Herrian, AHTaren obretan 10.000 milioi xahutzea aurreikusita dago: aurten EAEn 568 milioi bideratu dira eta Nafarroako aurrekontuetan 130 milioi gorde dira bere hastapenetan dagoen lan honetarako. Zifra hauek ulertezinak dira, jende ugari kale gorrian dagoela ikusita». Eta «azken aldian egitasmoaren zentzugabekeria ageri-agerian gelditzen ari da», gehitu dute.

Mugitu! Mugimendutik, «martxan ikusi nahi zaituztegu pedalei eraginez. Mugitu beharra dago. Lurraren alde, mugitu eta eragin!», aldarrikatu dute.

Furgoneten laguntza

Tolosaldeko zatiaz gain, beste etapetan parte hartu nahi izanez gero, maletak eramateko furgoneta bat izango dela adierazi dute antolatzaileek. Jan-edanerako txartelak ere atera dituzte, eta bizikletan joateko kaskoa derrigorrezkoa dela nabarmendu dute. Matxura kasuetarako ere erabilgarri izango da autoa.

Informazio gehiago http://mugitu.blogspot.com helbidean eskuratu daiteke, edota mugituaht@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Bizikleta Martxa

Hilak 28, igandea

12:30. Legorretako Berostegitik Ikaztegietara sartuko dira.

12:45. Alegia.

13:15. Tolosa.

13:45. Anoeta. Ongi etorria egingo da herriko plazan.

14:00. Bazkaria Anoetako gaztetxean.

19:00. Andoain. Hitzaldia, afaria eta kontzertua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!