Bukatu dira jaiak. Beste urte batez, Karmen jaiak agurtuz erre dute txintxarria, Alegian. Pasa den ostegunean hasi zituzten festak jai alternatiboekin. Hurrengo egunean lehertu zen udaletxeko balkoitik botatako suziria, eta atzo gauerdira bitartean, umore ona, musika, jan-edana eta parranda izan dira protagonista.
Atzo, herriko festetako egun handia izan zen: Karmen eguna. Giroarte dultzaina taldeak esnatu zuen herria goizean goi. Herriko kale eta auzoetatik barrena ibili ziren, eta herritarrek leiho eta balkoietatik egin zieten harrera.
Gaztetxoenek, aldiz, kirola eginez hasi zuten eguna. Infantil eta alebin mailako 3x3 Saskibaloi txapelketa jokatu zen, eskolako patioan.
Eguerdian, Los Tenampas hirukote mariatxiaren emanaldia izan zen herriko plazan. Eguraldiak asko lagundu ez arren, jende ugari elkartu zen plazan, mexikar doinuak entzun eta abestera. Ordubetez, adin ezberdineko herritarrak eta kanpotik gerturatutakoak izan ziren.
Musikaz beteta
Arratsaldean txikienak izan ziren protagonista. Jolasez gain, merienda ere izan zuten plazan. Eguneko beste protagonista musika izan zen.
Egunean zehar estilo askotako musika izan zen, eta kasu honetan, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren emanaldiaz gozatu zuten alegiarrek.
Jaietan hutsik egiten ez duen hitzordua izaten da Zahagi ardoa, eta jaien azken egunean plazan egin zuten. Ondoren, trikiti doinuek hartu zuten lekukoa. Herritarrak dantzan jartzearen ardura Kupela taldeak izan zuen.
Gauerdian, ordea, jaien amaiera iragarriz txintxarri hotsek hartu zuten lekukoa.