Ostiralean eman zieten hasiera, alegiarrek, aurtengo Karmen jaiei. Asteburuan barrena ez dute musikaren, dantzaren nahiz jan-edanaren faltarik izan, eta bost eguneko egitarauarekin, gaur bertan amaituko dira festak. Atzo, alegiar gaztetxoenen txanda izan zen, eta eurei begirako jarduerak izan ziren herrian, egun osoz.
Goizean goiz, diana gaztetxoenen esku izan zen atzokoan, eta Loatzo musika eskolako ikasleek zabaldu zuten musika herri osoan. Goiz erdialdean, berriz, jolasak izan zituzten eskolako patioan, eta tokan, sokatiran nahiz boloetan aritu ziren neska-mutilak.
Eguerdian, berriz, haurrentzako bazkaria izan zuten, udaletxeko arkupeetan, eta segituan amaitu zituzten bazkari legeak. Jolasean aritu eta gero, play back saioan gozatu zuten ume alegiarrek, eta Poxpolo eta Konpainia pailazoekin borbildu zuten eguna.
Aurtengo karmenak abiarazteko ardura Alegiako txistulariek izan dute, eta eurek jaurti zuten suziria, pasa den ostiralean. hainbat urte pasa dira jada, taldea osatu zutenez geroztik, eta kide guztiak elkartu ziren udaletxeko balkoian.
Horren aurretik, jaietako marrazki lehiaketako irabazleak izendatu zituzten, eta buruhandi eta erraldoiak ere plazan elkartu ziren.
Azken eguna, egun handia
Gaur izango dute, alegiarrek, Karmenetako egun handia, eta dianaren ondoren, 3x3 saskibaloi txapelketa egingo dute, eta erretirodunek mendi ibilaldia egiteko aukera izango dute. Ondoren, mariatxien saioa ere izango da, eta bazkalondoren jarraituko dute ekitaldiek, ume jolas eta meriendarekin.
Iluntzean, berriz, Isidro Larrañaga akordeoi orkestraren emanaldia izango da plazan, eta afaritarako zahagi ardoa izango dute. Jaiak erromeria giroan amaituko dituzte, Kupela taldearekin, eta gauerdian txintxarrien hotsarekin agurtuko dituzte festak.
Alegiako Karmenak
Uztailak 16, asteartea
009:00. Giroarte dultzaina taldeak alaituriko Diana.
09:00. 3X3 Saskibaloi Txapelketa eskolako patioan. Infantil eta alebin mailakoen artean.
12:00. Los Tenampas hirukote mariatxiaren emanaldia plazan.
18:00. Ume jolasak eta merienda plazan.
19:45. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren emanaldia plazan.
21:00. Zahagiardoa plazan.
22:30-01:30. Kupela taldearen eskutik dantzaldia plazan.
00:00. Txintxarrien hotsarekin jaien amaierako Agurra izango da.