Zazpi Iturri Pilota Eskolak XXIV. Joxean Tolosa Txapelketa antolatu du, frontoi osoan eskuz banaka jokatzen dena, eta asteburu honetan izango dira lehenengo kanporaketak. Kadete, gazte eta nagusien mailan jokatuko da, eta herrialde bakoitzeko txapeldunaz gain Euskal Herriko txapeldunak ere ziurtatuak dituztela azaldu dute antolatzaileek. Rezusta eta Jaka izango dira salbuespenak, profesionaletara pasa direlako. Beste baja batzuk ere izango dituzte: Irribarriak eskuetan ebakuntza izan du, eta Altuna eta Salegi pneumotorax izan ondoren, geldi egon behar dute.
Asteburuan bi jardunaldi izango dira. Gaur, hilak 12, 21:00etan hasita lau partida jokatuko dira: bi kadeteetan, Delakruz (Irurtzun)-Zubeldia (Amezketa), eta Azkonobieta (Lazkao)-Egiguren (Tolosa); gazteetan Elordi (Mallabia)-Elizalde (Erreka), eta nagusietan Jauregi (Zarautz)-Arratibel (Ataun). Bihar, 21:00etan ere, hiru partida kadeteetan, Martinez (Bera)-Urizar (Markina), Etxeberria (Lemoa)-Peña (Tolosa), eta Beloki (Bedaio)-Erauskin (Berrobi), eta gazteetan Arregi (Amurrio)-Zubiria (Berrobi).