Abesbatzek emanaldi berritzailea eskainiko dute

Ataria 2013ko uztailaren 12a

Alegiako Karmen Jaiak hasiko dira gaur, eta nola ez, herriko Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek kontzertuak eskainiko dituzte. Suziria lehertu ostean, 19:45ean, herriko elizan taldeko gazteenak hasiko dira kantatzen David Azurzaren zuzendaritzapean.

Tolosako musikagileak oraintxe egingo du urtebete haur abesbatza zuzentzen hasi zela. Loatzo musika eskolako koruko abeslarietako batzuk ere Txintxarrikoekin batera kantatuko dute. Bost kantu abestuko dituzte. Lehendabiziko kantua izan ezik, beste guztiak euskal kantu ezagunak dira. Emanaldiari hasiera emateko, Kirby Shaw estatubatuarraren Jubilate Deo kantua abestuko dute, erritmo handikoa. Ondoren, Azurzak berak moldatutako lau euskal abesti eskainiko dituzte: Gaztelugatxe, furra furra, Lau teilatu eta Ihauteri habanerak. Koreografia dibertigarriekin lagunduko diete abestiei.

Ondoren, helduen koruak abestuko du Garbiñe Orbegozok gidatuta. Guztira zazpi kantu eskainiko dituzte. Josu Elberdin Pasaiako musikagilearen kantu batekin hasiko dute emanaldia: Exultate justi. Geroago abestuko dute Elberdinen beste piezaren bat, baino oso estilo desberdinekoa: Malakatumba. Emanaldi askotan bezala, oraingoan ere ez da faltako Javi Busto hondarribiarraren musikarik. Bere bi doinu abestuko dituzte: Neure maiteak eta Maritxu nora zoaz.

Estilo eta kolore desberdineko kantuak izango dira. Hala, Aita Madinaren Oles ezkonberriak abestia abestuko dute. Brasilgo doinuak ere ekarriko dituzte Alegiako elizara: Verde mar de navegar doinua eskainiko dute. Eta gospel doinuekin amaituko dute euren lana.

Azken bi abestietan Txintxarri Txiki abesbatzako abeslari zaharrenek helduekin batera abestuko dute. Zenbait kantutan Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!