Susana Davila pultsulariak Euskadiko marka hautsi du junior mailan 15 urterekin

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 12a, 11:56

Susana Davila pultsularia[/caption]

Zizurkilgo Danok Danena halterofilia taldeak Altxkadi Trofeoan parte hartu berri du, eta bertako pultsularia den Susana Davilak Euskadiko marka berria egin du: bi denboratan 76 kilo altxatu ditu. Davilak 15 urte ditu eta marka junior mailakoa da, hau da, 20 urte azpikoa. Beraz, 17 urte azpiko marka eta 15 urte azpikoa ere bereak ditu. Trofeora bi talderekin joan zen Danok Danena eta lehen eta bigarren postua eskuratu zuten taldeka. Batis Kortajarena Danok Danenako prestatzaileak azaldu duenez, Davilaren marka «oso ona» da. Bestalde, pultsularien lana goraipatu du: «Pultsulariak puntu onean daude eta emaitza onak lortzen ari dira».

Danok Danena A taldeak irabazi zuen, Mikel Alvarez, Teddy Martinez, Jon Sasiain eta Igor Sasiain pultsulariekin. Bigarrena Danok Danena B taldea izan zen, Susuna Davila, Goretti Amonarriz, Ekaitz Kortajarena eta Asier Gallego pultsulariekin. Hirugarren taldea Midi Pirinioak izan zen, aurreko urtean lehenengo postua lortu zuena. Banakako sailkapenean ere emaitza oso onak lortu dituzte Danok Danenakoek. Mikel Alvarezek eskuratu zuen lehen postua, Jon Sasiain hirugarrena, Igor Sasiain laugarrena, Ekaitz Kortajarena seigarrena, Teddy Martinez zazpigarrena, Susana Davila hamargarrena, Asier Gallego hamaikagarrena, eta Goretti Amonarriz hemeretzigarrena.

Guztira zortzi taldek eta 32 pultsularik parte hartu zuten Donibane Lohitzunen egindako trofeoan. Danok Danenarekin batera Gasteizko Indarra taldea, Zarauzko Kirol Elkartea, Akitania, Pirinioak Zentrala eta Midi Pirinioak aritu ziren.

Halterofilia, santiotan

Amasa-Villabonako Santio festen barruan, hilaren 27an, halterofilia lehiaketa egingo da Malkar plazan. Taldekako Espainiako Ligarako baliagarria izango da. Hiru talde ariko dira eta horietako bat izango da Danok Danena. Oraingoz bigarren doa sailkapenean eta ia ziurra du finalerako sailkatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!