Lehiberri zentroak bere lanaren berri eman du eskualdeko hainbat herritan

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 12a, 11:52

Zentroko arduradunek biraren balorazio positiboa egin dute «xede nagusiak» bete direla ondorioztatuz

Unai Andueza Amezketara egin zuten bisitan azalpenak ematen.[/caption]

Hiru hilabete eta erdi igaro dira Lehiberri, Tolosaldeko Lehiakortasunerako eta Berrikuntzarako Zentroak ateak ireki zituenetik. Bitarte honetan, eskualdeko herritarrengana iristeko hainbat ekimen egin ditu, hala nola, ate irekiera jardunaldiak, bisita gidatuak, ikastaroak… Tartean, baita aurkezpen bira bat ere.

Zentroaren aurrekariak, helburuak eta egitekoak zeintzuk diren azaldu asmoz, eskualdean barrena ibili dira zentroaren kudeatzaile den Tolosaldea Garatzen garapen agentziako ordezkariak. Hala, orotara, hamar herritan egin dira batzarrak. Hain zuzen ere, Abaltzisketa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Belauntza, Berastegi, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta  Zizurkilen.

Biraren helburu nagusia Lehiberri eskualdeko herrietara gerturatzea izan dute, eta azaltzea, bertako biztanleek erabili dezaketen zerbitzu bat dela. Eskualdeko 28 herriak dira Tolosaldea Garatzeneko bazkide, ondorioz, bertako herritarren zerbitzura dago zentroa. Inguruko herrietako zenbaitentzat ezezaguna da Apatta Erreka industrigunean kokatua dagoen eraikina.

Hala, antolatzaileek biraren balorazio positiboa egiten dute eta xede nagusiak bete direla ondorioztatu dute. Batetik, aurkezpen ekitaldietan jende ugarik hartu duelako parte, eta bestetik, bertaratutakoek jarritako interesagatik.

Halaber, aipatzekoa da, batzarretara gerturatuko zenbait lagun, ondoren zentrora joan direla informazio gehiago eskuratu nahian. Tolosaldea Garatzeneko ordezkariek eskerrak eman nahi dizkie, batetik udalei, egindako harreragatik nahiz antolakuntza lanetan laguntzeagatik.  eta bestetik, aurkezpenetan parte hartu duten guztiei: «Beraien ekarpenek askorako balio dute».

Bestalde, batzar horietara gerturatzeko aukerarik izan ez zutenei dei egin diete zentroko arduradunek: «ateak irekita daude, eta edozein zalantza izanez gero, bertara jo».

Enpresei eta herritarrei

Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Zentroa enpresen, ekintzaileen, udaletxeen eta Tolosaldeko eragile sozioekonomikoen zerbitzura dago eta Tolosaldeko eragile sozioekonomiko guztien erreferentzia gune nagusi bilakatu nahi du. Era berean, eskualdeko behatoki sozioekonomiko gisa ere jardungo du lanean.

Zentroan, Tolosaldea Garatzeneko bulegoak ez ezik, honako azpiegiturak ere aurkitu daitezke: IKTetarako formakuntza gela bat, kudeaketa aurreraturako beste formakuntza gela, enpresa berrientzat zazpi haztegi, enpresen arteko proiektuak burutzeko hiru laborategi, enpresa berrientzat bi hazitegi, enplegu zentroa eta 100 pertsonentzako edukiera duen auditorioa.

Lau atal nagusi

Formakuntza. Tolosaldeko langile, langabetu eta bizilagunei formakuntza eskainiz, teknologia berriak edo enpresa-kudeaketaren teknifikazioan.

Elkarlana. Enpresen arteko sinergiak bilatuz, bat eginda burututako produktuak edota zerbitzuak garatzeko, edo lankidetza sustatzeko merkatu segmentu berriak bilatzeko.

Ekintzailetasuna. Eskualdeko ekintzaile berriei laguntza eskainiz, bai aholkularitza, bai azpiegitura fisikoak eskainiz bertan finkatzeko, eta, baita jada sorturik dauden enpresetan produktu edota zerbitzu berriak garatzen dituzten horiei laguntza emanez ere, eskaintzen dituzten produktuak areagotuz, barne-ekintzailetasun prozesuen bitartez.

Internazionalizazioa. Hirugarren herrialdeetan elkarlana sustatuz eta Tolosaldea atzerriko enpresentzako interes gune bilakatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!