Alatzne Etxaburua zizurkildarrak irabazi zuen iazko txapelketa.
Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa hartuko du etzi, igandean, Zizurkilgo Andrezketa baserri ondoko zelaiak, 18:00etatik aurrera. Ziotza kirol elkarteak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolaturiko txapelketak azken urteetako parte hartze kopuru handiena izango du. Hain zuzen ere, 18 gizonezko eta 4 emakumezko ariko dira txapela lortzeko lehian, eta horietatik gehienak eskualdekoak dira.
Gizonezkoen kasuan, 18 segalarietatik 11 dira eskualdekoak: Mikel Alkorta (Asteasu), Peio Argaia (Zizurkil), Andoni Dorronsoro (Ikaztegieta), Andoni Egia (Orendain), Garikoitz Etxeberria (Amasa), Jokin Garmendia (Baliarrain), Joakin Garmendia (Anoeta), Unai Iraola (Ikaztegieta), Juan Jose Lizaso (Asteasu), Jesus Mari Ormaetxea Urki (Orendain) eta Oier Urkola (Anoeta). Horiekin batera, Mikel Arsuaga, Igor Esnaola, Julen Gabirondo, Mikel Garaialde, Jesus Mari Goenaga, Bixente Mitxelena eta Ivan Pardo ariko dira.
Segalariek egin beharreko lanari dagokionez, 100 m2-ko sail bat ebaki beharko dute. Parte hartzaile kopurua kontuan izanda, tamaina horretako bi sail prestatzeko zailtasunak izango zituztela eta, sail bakarra ebakitzea erabaki dute.
Emakumeak eskualdekoak
Emakumezkoen kasuan, lau emakume ariko dira lehian, guztiak eskualdekoak: Ainhoa Galarraga eta Ainara Otamendi ibartarrak, Alatzne Etxaburua zizurkildarra eta Alaitz Imaz hernialdearra. Laurek egin beharreko lana 50 m2-ko bi sail ebakitzea izango da.
Segalariek ahalik eta azkarren eta txukunen ebaki beharko dute, eta gaizki moztuz gero, denboran penalizazioak izan ditzakete. Iazko txapelketan Alatzne Etxaburua eta Igor Esnaola legorretarra izan ziren garaileak.