Giza Proba Txapelketako bigarren kanporaketa du bihar, Berrobik

Ataria 2013ko uztailaren 12a

Berrobi, Orio, Mendaro eta Deba lehiatuko dira bihar, Mendaroko plazan, 18:00etatik aurrera, Gipuzkoako Taldekako Giza Proba Txapelketako A multzoko bigarren kanporaketan.

20 minutuko lana izango du talde bakoitzak bakarka, eta plaza gehien egiten duenak irabaziko du. Multzo honetako lehen kanporaketa ekainaren 29an jokatu zuten, eta Berrobi hirugarren geratu zen. Orio izan zen irabazlea, eta bigarren Deba geratu zen. Biharko kanporaketan lau taldeek lortzen dituzten puntuen arabera, bi kanporaketakoak batu, eta lehen bi taldeak sailkatuko dira abuztuaren 4an Aian jokatuko duten finalerako. Berrobi taldeko Iñaki Mendiak azaldu duenez, finalerako sailkatzeko esperantzaz daude: «Lehen kanporaketan Debak oso alde txikiagatik irabazi zigun, beraz, oso parekatua izango da; gainera, Mendaroko harria, gure onerako arinagoa da, beraz, guztia da posible. Guk behintzat, ahal dugun guztia egingo dugu».

B multzoan eskualdeko Aiztondok eta Zizurkilek hartu dute parte, eta bi kanporaketak jokatu ostean, Aiztondok lortu du finalerako txartela, Urretxu taldearekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!