Euskarazko osasun zerbitzu osoa aldarrikatu dute UEMAko herrietan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uzt. 12a, 08:02

Nafarroako eta EAEko datuak ezagutarazi dituzte, eta pediatrekin kasu «larriak» salatu dituzte zenbait herritan

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, erabat euskaraz izango den oinarrizko osasun zerbitzua aldarrikatu du mankomunitateko udalerrietan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian. Besteak beste, osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatea islatzen duten datuak ezagutarazi dituzte, eta familia medikuen nahiz pediatren inguruko balorazioa egin dute bide horretan. Horrela, zenbati udalerritan «egoera larrian» daudela nabarmendu du UEMAk.

Agerraldian, Nafarroako eta EAEko UEMAko ordezkariak izan dira, eta tartean Leitzako eta Tolosako zinegotziak ere izan dira: Maren Belastegi UEMAko lehendakaria, Marixol Taberna Berako alkatea, Garazi Taberna Berako zinegotzia, Gari Berasaluze Zarauzko zinegotzia, Andone Salbarredi Leitzako zinegotzia eta Miren Urkola Tolosako zinegotzia.

Nafarroari dagokionez, oso kezkagarritzat jo du egoera UEMAk, izan ere, «UEMAko kide diren 14 udalerrietako bakar batek ere ez dauka bitartekotik, oinarrizko osasun zerbitzua euskaraz emateko», azaldu du Belastegik.

Horrela, eta familia medikuei dagokienez, arazo nabarmenenak ordezkapenek ematen dituztela azaldu dute UEMAko ordezkariek: «Ordezko medikuak etortzen direnean, gehien-gehienetan erdaldunak izaten dira».

Nafarroako pedriatra zerbitzuei begira jarriz gero, berriz, egoera «are larriagotzat» du mankomunitateak: «UEMAko hamalau udalerritan zazpi pediatra aritzen dira, eta horietatik lauk ez dakite euskaraz». Honenbestez, haurren ia %100 euskalduna den eremuan, pediatren %71k haur horiek eguneroko hizkuntza ez erabiltzea salatu dute.

Datu hauek ikusita, UEMAk Nafarroako Osasunbideri «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskaria luzatu dio: «Herritarrek zerbait gehiago behar dute».

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, berriz, Osakidetzak 2005 eta 2011 artean garaturiko euskara planaren balorazioa egin dute; besteak beste, aurreikusita zeuden aurrera pausoen %30 egin gabe geratu direla azaldu dute, eta horren ondorioetako bat da, Osakidetzako langileen %75ak eskatutako euskara mailaren egiaztapenik ez izatea.

Modu honetara, eremu honetako familia medikuen %37ak eta pediatren %62ak, hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe dute: «Pediatrei loturikoak dira kasurik larrienak, eta hainbat herritako haurrak gazteleraz egitera behartuak daude, medikuarengana joaten direnean».

Hizkuntza eskubideen urratzea

Datu hauek guztiak aztertuta, finean ondorio bakarra atera du UEMAk: «EAEko datuak Nafarroakoak baino hobeak izan arren, oinarrizko zerbitzuak euskaraz ez emateak herritar askoren hizkuntza eskubideen urratzea dakar».

Honen aurrean, eta «udalerri euskaldunek osatzen duten lurgunea oso kontuan izan behar dela» aldarrikatuz, erakundeei egoera soziolinguistikoa kontuan hartzea eskatu diete. Izan ere, eta osasunari lotuta, hainbat herritarrek zailtasunak izaten dituzte medikuarekin gazteleraz komunikatzeko.

Horrela, beraz, «beharrezkoa eta presazkoa» da mankomunitatearen iritziz, udalerri euskaldunetan osasun zerbitzuak, beren osotasunean, euskaraz bermatzea.

Jomuga hauek lortzeko, Osakidetzari eta Osasunbideri begira jarri dira, eta euskara plan sendoa diseinatu eta garatzeko beharra ohartarazi diete: «UEMAk, bere aldetik, hori horrela izateko lan egingo du».

Datuak

Leitzaldea

Areso. Leitzako osasun etxean pediatra zerbitzua jasotzen dute, eta erdalduna da.

Leitza. Pediatra zerbitzua dute, eta lanpostuak ez du Hizkuntza Eskakizunik (HE).

Tolosaldea

Aduna. Villabonako osasun zentroan familiako sei mediku; bik HE egiaztatu gabe. Pediatrak ere bi, eta HE egiaztatu gabe.

Amezketa. Familiako mediku bat dute, HE egiaztatu gabe.

Tolosa. Familiako 12 medikutik, bik HE egiaztatu gabe. Pediatrak, berriz, 2 daude, eta biek HE egiaztatu gabe dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!