Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko beharginek herenegun zuten Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian 74 langile kaleratzeko erregulazio dosierraren aurkako epaiketa. Azkenean, baina, hura burutu beharrean, enpresaren argudioei esker, atzeratzeko erabakia hartu du epaitegiak. Datorren asteartean, hilaren 16an zehaztuko da epaiketaren behin betiko data. Mikel Zabaleta ELA sindikatuko metalaren Tolosaldeko arduradunaren arabera, «enpresak posizio estrategiko bat hartu du trabak jarriz prozesu guztia atzeratzeko, eta horrela langileak nekatzeko». Traba horri esker hilabete askotan luza daiteke auzia.
Prozesua atzeratzeko arrazoia zitazioak «zuzen ez egotea» izan da, taldeko enpresek ez baitzuten, antza, zitaziorik jaso. Zabaletak azaldu duenez, salaketak taldeko enpresa guztien aurka sartu dituzte: «Estatu Batuetako multinazionalaren aurka, Alemaniako enpresaren aurka, hemengo enpresaren aurka... orotara, 27 salaketa». 27 zitazio horiek Donostian Huyck Wangner-ek duen bulegora iristen zirenean, ordea, bertakoek bakarra hartzen zutela dio Zabaletak, «hemengo lantegiaren izenean iristen zena», alegia.
ELAko ordezkariaren ustez, «uneoro multinazionalaren parte direnaren irudia eman dute, baina, gero esaten dute ez direla enpresa talde horren zati». Zabaletak dioenez enpresaren asmoa Zizurkilgo lantegia itxi, eta Donostian bulego txiki bat irekitzea izan da: «Aipatu behar da, negoziatzen hasi aurretik Donostiako bulegoa martxan jarri zutela, agerian geratzen delarik euren negoziatzeko borondate eza. Komertzialki, euren egunerokotasunean enpresa talde moduan funtzionatzen dute. Euren Amara auzoko bulegora joanez gero, ikus daiteke sarreran nola jartzen duen bai Xerium bai eta Huyck Wangner ere. Enpresa talde horren delegazioa da, beraz». Horrela funtzionatzen du, antza, arlo guztietan, batean ezik: «Notifikazioak iristen zitzaizkienean esaten zuten beraiek ez zirela Xerium etxearen parte, beraiek Zizurkilgo lantegiaren parte baino ez zirela». Zabaletaren arabera, aitzaki moduan erabili dute Estatu Batuetako agintariek ez dietela baimenik ematen gutun horiek euren izenean hartzeko.
Enpresaren jarrera
Gainera, ELAko ordezkariaren arabera, enpresaren «fede txar hori» nabarmen azaleratu da herenegungo bistan: «Epaitegian bertan, epaileek ere, behin baino gehiagotan eman zuten aditzera bazekitela zertara jokatzen ari ziren, eta saiatu ziren erraztasunak ematen ez atzeratzeko epaiketa, enpresakoei eskaintza desberdinak eginez. Era berean, esan zieten jende asko zegoela epaiketaren zain, eta bitartean sufritzen, beraz eskatu zieten zailtasunik ez jartzeko, eta gutunak emateko enpresari».
Enpresaren abokatuek argi adierazi zietela euren nahia ere gehitu du Zabaletak: «Bista amaitu zenean euren abokatuena gerturatu nintzen haserre, eta esan nien egiten ari zirenarekin langileen sufrimendua areagotuko zutela. Enpresak eskainitakoa onartu behar dutela langileek erantzun zidaten».
Bada, horrek guztiak epaiketa sei, zortzi edota urtebete atzeratzea ekar dezakeela uste dute: «Oso posible da azkenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusitik eskatu behar izatea Estatu Batuetako epaitegi bati, handik zitazioa egiteko, eta ondoren hona bueltatzeko zitazioa hartu dutenaren ziurtagiria». Bitartean, asteartean dute berriro hitzordua Auzitegi Nagusian, eta egun horretan esan beharko dute, ea lortu duten estatubatuarren baimena zitazioak hemengo bulegoan jasotzeko. «Borondatea izango balute, eta zitazioak jaso dituztela esango balute, uztailean bertan egin ahalko litzateke epaiketa. Baina, guk badakigu ezetz esango dutela, eta hau guztia atzeratzen utziko dutela», dio Zabaletak. Baietz esan ala ezetz, asteartean finkaturik geratuko da data.
ELAko ordezkariaren arabera, «honek guztiak jartzen du begibistan langileak oso modu desorekatuan ari direla borrokan enpresarien aurka, enpresariek ia nahi dutena egin baitezakete». Horregatik, erakundeen babes irmoa eskatzen dute, beste behin: Bilerak egin ditugu, baina euren aldetik ez dugu pausorik ikusi». Bestalde, langileek «haserrea, amorrua eta inpotentzia» sentitzen dutela azaldu du, urte erdi baitaramate borrokan. «Ez daude etsita, baina nekatuta bai, eta horrelako jokabideek asko samintzen dute. Baina, hori bai, borrokan jarraitzeko borondateak irmo jarraitzen du».