Herritarrek Parot Doktrina epaitzeko aukera izango dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uzt. 11a, 11:23

Ekainean Tafallan hasi zen egitasmoa, Euskal Herriko 80 herritatik pasako da, irailaren 14an Iruñera iritsi arte

197/2006 doktrinari, edo Parot Doktrinari, beren epaia eman ahal izango diote herritarrek, larunbat honetan Tolosako Trianguloa plazatik pasako den Herritarron epaia egitasmoaren bidez.

Herrira mugimenduak antolatuta, pasa den ekainaren 8an abiarazi zuten, irailera bitarte Euskal Herriko 80 herritatik igaroko den ibilbidea: «Ekimen ibiltari hau, gizartearen borondatearen testigantza izango da, herriz herri adierazia, eta Europako erakundeei nahiz nazioarteko komunitateari zuzendua», nabarmendu dute Tolosaldeko Herrira-ko arduradunek.

Horrela beraz, liburu erraldoi bateko orri zuriak herritarrek betetzea izango da egitasmoaren funtsa, euskal gizartearen iritzia agintariei helarazteko, eta doktrina indargabetzeko.

Herritarron epaia Tafallan hastearen arrazoia, Ines Del Rio presoaren kasua da. Pasa den martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak ahozko epaiketa egin zuen, Ines Del Rio tafallarraren kasua berriz aztertzeko.

Aurretik ere, 2012ko uztailaren 10ean, Estrasburgoko Auzitegiak Del Rio aske uzteko agindua eman zuen, eta 197/2006 doktrinak Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen zuela ebatzi zuen. Bere aldetik, Espainiako Gobernuak ez zuen agindua bete, eta errekurtsoa aurkeztu zuen, gainera. Orain, behin betiko epaiaren zain dago Del Rio, eta hilabete gutxi barru ezagutaraziko dute erabakia.

2008. urtean Del Rio kartzelatik ateratzekoa zen arren, espetxean jarraitzen du Parot Doktrina medio, eta Herrira mugimenduaren iritziz, «doktrina honek zuzengabeki luzatzen dizkie zigorrak, kartzelatik ateratzeko data zehaztuta duten presoei». Gaur egun, 70 euskal preso daude egoera berean.

Horietako bat da, hain zuzen, Pello Odriozola tolosarra. 2008. urtean zigorra bete zuen arren, 197/2006 doktrina aplikatu, eta hamar urte gehiago pasa beharko ditu kartzelan.

Herrira mugimenduaren iritziz, «martxoaren 20ko epaiketa saioak agerian utzi zuen berriz, euskal gizartearen gehiengoa salbuespeneko espetxe politiken kontra dagoela; 197/2006 doktrina indargabetzearen alde dago jende gehiena, esparru politiko, sindikal nahiz sozialean, eta baita eremu juridikoan ere».

Horrela, beraz, urte osoan barrena Pello Odriozolari atxikimendua erakutsiz Tolosan antolatzen diren hamaika egitasmorekin bat egingo du, larunbat goizean Trianguloa plazatik pasako den egitasmo ibiltariak ere.

Herriaren hitza agintariei

11:00etatik 13:00era bitarte, Trianguloa plazan ospatuko dute Herritarron epaia.

Tolosako eta Tolosaldeko hainbat eragilek ere bat egin dute, gainera, egitasmoarekin, eta beraz, bertsolariak, dantzariak, kantariak, herri kirolariak nahiz graffiteroak beren jardunean ariko dira auzi honen alde. Eragileekin batera, ordea, herritarrek ere beren ekarpena egiteko aukera izango dute.

Horretarako, Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den liburu handi bat jarriko dute Trianguloa plazan, eta herritarrek Parot Doktrina epaitzeko aukera izango dute, nahi duten moduan: «Zerbait idatziz, argazkiak itsasiz nahiz marraztuz», azaldu dute Tolosaldeko Herrira-ko kideek.

Egitasmoaren izenarekin bat eginez, euskal herritarren epai guztiak bildu egingo dituzte, eta datorren irailaren 14an Iruñeko Anaitasunan ospatuko duten ekitaldian epaiaren testua osatu egingo dute. Ondoren, bertako, Europako nahiz nazioarteko erakunde, komunitate eta agintariei «mezu argia» bidaliko diete: «Konponbidearen alde egiteko garaia da, eman diezaiogun aukera bat bakeari», diote Herrira-koek.

Larunbateko egitasmoa girotze aldera, berriz, Tolosaldeko Herrira-k Parot Doktrinaren inguruko erakusketa ibiltaria antolatu du. Tolosan izango da gaur, 18:30ean, eta bihar, ordu berean, Ibarran.

Antolatzaileek, azkenik, herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte egitasmoan parte hartzera, eta «denon artean, herriz herri, giza eskubideen errespetuaren eta salbuespeneko espetxe politiken amaieraren aldeko aldarri hau egitera».

Egitaraua

11:00. Hasiera, Trianguloa plazan.

11:15. Bertsolarien saioa.

11:30. Lasto altxatze erakustaldia.

11:45. Ubeda anaien kantaldia.

12:00. Dantza saioa.

12:15. Kike Amonarrizen saioa.

12:30. Gazteluarren eskutik, herri kirolak.

12:45. Maialen eta Ane zizurkildarren kantaldia.

13:00. Argazkia.

Goiz osoan. Pintxoak eta edaria. Graffiteroak.

Pello Odriozola tolosarrak mende laurdena darama espetxean

Pello Odriozola 1988ko urtarrilaren 28an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak; 25 urte eta erdi betetzera doa, beraz, kartzelan. Mende laurden honetan, Alcala de Henares, Valdemoro, Herrera de la Mancha, Ourense nahiz Lugoko Bonxe espetxeetan izan da zigorra betetzen, eta azken bost urteak Zuerako kartzelan eman ditu, Zaragozan.

Odriozolak, ordea, duela bost urte bete zuen bere zigorra; 2008ko uztailaren 2an atera beharko zukeen kartzelatik. Parot Doktrina aplikatu ziotenetako bat izan zen, tolosarra, eta hamar urtez luzatu zioten espetxe zigorra. Gauzak horrela, 2018ko urtarrilaren 19ra bitarte egon beharko du kartzelan.

Bere gertukoek hamaika aldarrikapen egin izan dituzte, eta besteak beste, «bizi arteko zigorra» aplikatu diotela salatzen dute: «Espainian ez dago biziarteko zigorra ezarrita, baina praktikan, ezarrita dagoen estatuetan baino urte gehiago pasatzen dituzte presoek espetxean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!