Tolosako Udalak esleitu ditu dagoeneko Iurreamendi egoitzaren ondoko zelaietan egokitutako 81 baratzeak. Astelehenetik, tolosarrak hasita daude bizia ematen baratzeei. Taldeka banatuta jaso dituzte ikastaroak, eta saio teorikoaz gain, praktika batzuk ere egin dituzte. Behin ikastaroa eginda, lur saila eta etxolako giltza jasoak dituzte.
Tolosako Baratze Parkea Kutxa Ekoguneak bultzatutako proiektua da. Baratze Parke Sareak webgune bat izango du, eta erabiltzaileek informazio guztia eskuragarri izango dute: aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenak, argazkiak,... Barazkiak modu ekologikoan ekoiztuko dira, eta informazioa elkar trukatzeko aukera izango dute. Erabiltzaileek etxolan izango dute materiala, eta ureztatzeko hiru aska prestatu dituzte. Oraindik, eguraldi txarra tarteko, lan guztiak ez dituzte amaitu, baina datozen egunetan bukatuko dituzte.
Denera 139 lagunek eman zuten izena, eta horietatik 33 baztertuak izan ziren baldintzak betetzen ez zituztelako. 81 baratze esleituak daude, eta 16 pertsona itxaron zerrenda geratu dira. 33 langabetu daude, horietatik 15 emakumeak dira eta 18 gizonezko. Gainerako 42etatik, 24 dira gizonezkoak eta 18 emakumeak.
«Aukera polita»
Pasa den astean egin zuten ikastaroa, esaterako, Josu Otaño, Kris Vazquez eta Gorka Abazgoitiak. Lehen egunetik lur saila prestatzeko lanetan ari dira, eta aho batez adierazi dute «oso gustura» daudela.
Ez dute inoiz baratzerik izan eta udalak aukera polita eskaini dietela adierazi dute: «Orain lurra egokitzen aritu gara, landareak landatu ahal izateko», azaldu dute. Lur zati batzuk lehorragoak eta gogorragoak daudela diote, eta harriak kentzen ere aritu direla esan du Vazquezek, baina «ez dugu kexatzeko aitzakiarik».
Denbora pasa, izerdia bota eta eguzkia hartzeaz gain, aurtengo udan lehen letxuga, piper edo tomateak jatea espero dute.
Iurreamendi egoitzan dauden helduek ere bizipoza nabaria izango dute aurrerantzean. Jendearen joan-etorriaz gain, baratzeen itxura aldaketez gozatzeko aukera izango dute. Hizketarako aukerarik ez zaie faltako, eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sortzeko baliagarria izango da. Hirurek jaso dituzte bizilagun helduen gomendioak, zer eta nola egin behar duten azalduz. Atxurra hartzera ausartu denik ere izan dela kontatu dute.
Egun batzuk aurrerago, bilera egingo dute erabiltzaile guztiek baratze parkearen erabilera koordinatu ahal izateko.